HARTZEA LOPEZ ARANA - 7K
BARKOXE

Gontzalo Etxebarria: Erbestetik sorterrirako bidea

Martxoaren 22an euskal errefuxiatu politikoek sorterrira bueltatzea erabaki ostean, Gonzalo Etxebarria margolari bilbotarrak ere itzulbidea hartu zuen handik gutxira, 34 urteko erbestea gibelean utziz. Hamabost eguneko bidaia mardula, sentsazioetan eta berjabetzeetan murgildurik, Barkoxeko adopzio etxera berriz jo aitzin.

Gonzalo Etxebarria margolari eta iheslaria Maidalena mendian, Atharratze eta Barkoxe artean. (Joanes ETXEBARRIA)
Gonzalo Etxebarria margolari eta iheslaria Maidalena mendian, Atharratze eta Barkoxe artean. (Joanes ETXEBARRIA)

Mendikota, apirilak 10, irteeraren bezperan

Uztaro elkartearen tailerrean, Gonzalo Etxebarriak emozioak gora dauzka. «Fisikoki sentitzea kristorena izanen da, nire gaztarotik gauzak nola aldatu diren ikustea, onerako eta txarrerako. Baina hitzez azaltzea zaila da, Lekeitioko beste errefuxiatu batek adierazi zuen ezinezkoa dela eta guztiz ados nago; gauza asko nahasten dira, arragibel (berriz ere atzera) egiten da memoriarekin: nire bizia han eta hemen, gauzak buruan konplikatzen dira, irrazionaltasun prozesu batean nago». Ahalkeria ezaugarri ezaguntzat daukan margolariak larunbatean, bi egun barru, muga zeharkatuko du. Sekula ez zela bueltatuko aspaldi honetan sinetsita eta barneratuta, kolektiboaren erabakiak astindu egin zuen: «Gauzak aski fite pasa dira, ez nuen pentsatzen hau hain arin trenkatuko zenik. Argi nuen itzultzekotan manera kolektiboan eginen zela, eta horra hor desmartxaren gorpuztea. Normalean gure kausak preskribatuak daude eta ez genuke arrangurarik ukan behar. Baina, aldi berean, gauzak ez dira batere bare ikusten, demokrazia falta sumatzen da, gobernuak edozer gauza egiteko kapable dira». Tailerrera elkarrizketa baten egitera etorri Xiberoko Botza irratiko kazetariak hau galdegin dio: «Etxera sartzeko tenorea zela erabaki duzue, zergatik orain?». Erantzuna: «Frantziak eta Espainiak ez dute batere mugitu nahi, kasu horretan hobe borondatez, gogoz, gure aldetik Hegoaldera joatea».

1980an, 26 urterekin ekin ihesaldiari marka baikorra uzten dio. «Ez da esperientzia txarra izan. Erbesteak aberastasun asko ekartzen dizkizu, emankorra zara aktiboa izatera derrigortzen zaituelako, nik pintore gisa hemen ditut gauza gehienak egin». Bauhaus institutua etortzen zaio gogora: «Nazien presiotik eskapatzeko Ameriketako Estatu Batuetara lekutu zirenean, orduan zuten ekoizpen oparoena gauzatu». Diziplina anitzeko ekoizlea eta irakaslea den heinean, mugimendu berritzaile alemaniar horren manifestua, dudarik gabe, barne hartua du Etxebarriak: «Arkitektoak, zizelkariak, tindatzaileak: artisau-lanera itzuli behar gara denok, ez dagoelako arte profesionalik. Artistak eta artisauak gauza bera dira. Elkarrekin etorkizunaren eraikuntza berria sor dezagun». Uztaron, 1988tik landa, tokiko beste artista batzuekin arte grafikoak jendearen eta dinamika kulturalen esku jartzea zuten helburu eta beti horretan dihardu, pareten kontra jiratu koadroen erdian eta erakusketa edo festibalen afixa ugarien artean.

Hildako senideei bisita egin, Bilboko karriketan paseatu, museoetako ateak ireki, lekuen eta jendeen berrezagutzea ditu xede oraingoan. Ibaia, alde zaharra, Euskalduna ontziolen oroitzapenak, Guggenheim aurrez aurre daukan Iparragirre kaleko etxe ohia... Gogoak metatzen zaizkio. «Momentuz ez dut deus ikuskatzen, ziur aldaketa alimalea gauzatu dela, hiriak beldurtzen nau, sobera handiegi nonbait. Bilbotarrak beti izan gara fantasmak, harroak. Kasu guzietan, nire herria zer den ikusteko gogo azkarra dut».

Barkoxetik Bilbora, apirilak 12

Familiarekin Baionako bidea hartu dute egunsentian. «Haiek gabe joatea ezin dut irudikatu. Euskaldun izaten haiekin ikasi nuen, ni jatorriz familia erdaldunekoa bainaiz. Pettek gaztea izan eta artea kanpora joan nahi izan gabe egitea zer den irakatsi dit, Joanesek bertsolaritzara eta maskaradetara hurbildu nau. Oso emankorrak izan dira, baita errefuxiatuen egoera desdramatizatzeko. Ez da nortasun konfliktorik gertatu».

Baionako geltokian Lurdes Garaiekin dute hitzordua, elkarrekin segitzeko. Arratsalderako Santutxu auzoan ongietorria prestatu diete biei. Airean elektrizitatea sumatzen da, eta itxarondakoa gorpuzten hasten autopistan behera doazen heinean: «Emeki-emeki, estresa gora eta kolpe batez dena hain intentsiboa: muga, Irun, galdua nintzen. Kaos bat».

Errepidearen bazterretan, hiriak, obrak, AHTren lanak... «Naturaren eta makinen arteko borroka gordina. Zerbait oso gatazkatsu eta dinamikoa, egiazko dialektika, ez nuen halakorik espero. Arrokek, mendiek presentzia ikaragarria dute, eta hirien erdian egonik ere han agertzen dira, energia oso harrigarria da».

Bizia, dinamika. Horrela laburbiltzen du Hego Euskal Herria. «Estres handia izan da bide osoan, eta ber denboran sosegua. Imajinazioan iniziazio bidaia izanen zela irudikatu nuen eta ez zen batere hori, errealitatea baizik. Bilboren lehen irudia ere bai. Jende ugari karriketan, etorkinak, indar alimalea... Usainak, baldosak aspaldiko partez zapaldu gabe, eta Aste Santuko prozesioak. Marte planetara jaustea bezala». Nortasun agiri frantsesa ukanik, jada Europan zehar ibilia zen azken urteotan. Hasierako beldurrak usatzen zaizkio: «Bilbo beste edozein hiri bezala aurkitzeko lotsaz nengoen, formateatua. Arima berriz atzeman diot, mediokritaterik gabe. Bizi gogoa eta poza daude, jendea berehala solasaldiei ekiteko prest. Hau ez da gizarte deprimitua».

Santutxuko omenaldi «hunkigarrian», besarkadak eta sinpletasuna. Bertsolariak, dantzariak, eta hitz batzuk: «Gobernuak ez dira mugituko. Gure aldetik egin behar, hori da parioa. Argi da herriaren zati inportante batek bakearen aldeko pausoen egitea begi onez dakusala; horregatik hartu dugu itzultzeko erabakia, ilusio handiarekin». Auzoko presoen senideekin egon ondoren, bakoitzaren lekua zehazten saiatzen da. «Pentsatzen dut presoek ilusioan amesten dutela, beren nortasuna mantendu nahian. Errefuxiatua, aldiz, beti sekretuan bizi da, segurtasunagatik eta ulertuko ez dutelakoan ez diozu inori erraten nor zaren. Horrek inkomunikazioa eragiten du. Egoera unibertsala da, arrazoi desberdinengatik egiten dugu ihes, baina denok bortxaz. Afrikar batekin oso hurbil sentitzen zara, ahul eta aldakor, defentsekin jarduten, beti kolpe txar bat jasoko duzula eta horrek mugiaraziko zaituenaren sinesmenean». Agian, iraganeko kontuak dira orain: «Euskal Herria oso konplexua da, herrialde bakoitzak badu bere nortasuna. Orain leku bakoitzean nola funtzionatzen den ikus dezaket. Ez da gehiago eskizofrenia, baizik eta elebitasuna. Mentalki ziklo bat amaitu zait beste bat hasteko. Horrek burua askatzen du. Proiekzioekin azkenean zapping egin dut».

Bizkaian gaindi

Harrimena eragiten dioten gauzen artean, Bilbo kosmopolitan euskara gehiago entzuten dela azpimarratzen du Etxebarriak. «Gure garaian ez zen hala, sorpresa ona da. Leku ofizialetan ere euskaraz galdetu eta erantzuten dizute». Museoetan ibiliz, arte garaikideen berrikusteko araketan, bestelako iritzia: «Guggenheimek espektakulu efektua uzten du. Erraldoia da eta denbora berean galerietan jende gutxi dago. Arte Ederren Museoa, aldiz, euskal abangoardiaren obrak ikusteko izugarri ona da. Baina auzoetan zer? Adibidez, Santutxun ez dute zentro kulturalik, Errekalden Kukutza eraitsi zuten... Zer leku dago benetan lekuko sorkuntzarentzat?». Hegoalde-Iparralde konparaketetan ez luke erori nahi, baina ezin dio joan-etorriak egiteari utzi. «Xiberoan dagoen sorkuntza maila Bilbon galdu den zerbait da. Xiberoan hibridoagoak gara, profesional eta amateuren arteko muga anbiguoa da; kokapen hori bizitzea pribilegioa da. Ez dago ekoizpenaren, ikusgarritasunaren histeriarik. Ez duzu atzerriko hiri handietara atera beharrik zurea biziarazteko».

Lekeitio, Mundaka, Bermeo, Elantxobe. Gonzalok eta Miriamek ohituraz bezala kamionetan jarraituko dute bidaia, hamabi egunez kostaldean zehar. Berriro, leku bakoitzean, energia baikorra. «Afektu azkarra egon da denetan, sentsualitate pudikoa, jendeak oso naturalki hunkitzen eta agurtzen zaitu. Baita pertsonalki ezagutzen ez zaituenak baina zutaz entzun duenak ere. Horrek markatu nau. Nahiz eta krisi egoeran egon, ez dago nostalgiarik, esperantza eta eraikitzeko gogoak nabari dira. Ezin da horretaz analisi politikorik egin, jariakorra da, denak jarraitzen du bere zentsu naturalean». Herriz herri, gaztetako oroimenak eransten zaizkio. «Iraganari behatuz, gauza asko aldatu dira azken urte hauetan. Eremu naturalak zainduagoak dira eta denbora berean urbanizazioak biderkatu dira». Edo «Lekeitio la ostia da». Iloba batek itsasontziz eraman zituen Bermeotik Elantxobera, «pote batzuk hartzera. Ura barkura sartu zen eta denek bustirik bukatu. Beti joan eta jin, fluido baten modura».

Bi aste Bizkaian, Xiberoara itzuli baino lehen. «Nahiago dut gauzak emeki-emeki bisitatu, probintziaka». Datorren uztailean Debako kalostrapean erakusketa antolatuko dute bere margoekin. «Okasio berria izanen da, hango arte eskolan ari izan bainintzen bi urtez».

Barkoxe, apirilak 24

Bidaiaren biharamunak zirraraz bete du. Egunerokoari tiratzen dio, berriz, semearekin pantaila bat bi haberen artean iltzatuz, Urdiñarbeko Musikaren Egunaren prestaketan. Eiheraberria etxeko «bake eta paisaiak» ez zituela utziko jakinarazi zigun abiatu aitzin. «Egia erran behar dut. Xiberoan ongi bizi gara, izugarri moldaturik, hemengo bizitza maite dut, naturatik hurbil. Baina orain Hegoaldean gauza konkretuen egiteko gogoa piztu zait. Orain beste probintziak falta zaizkit, eta zergatik ez Andaluzia, Asturias, badira leku biziki ederrak espainiar Estatuan ere».

Arkatz beltzez marraztu krokisa eskaintzen du, hamabost bat zentimetrokoa. Bertan gizontxo bat bi murru altuen artean trebeska ibiltzen, erdian gorantz zabaltzen den pasabide estu batekin. Frantziaren eta Espainiaren «blokeoa» zeharkatzeko? Hunkitu izan ezin den argi baten atarian poliki sartzekotan? Mugimendu espresionistatik hurbil kalifikatu tindatzaileari ez diogu galdeginen. «Nire ustez, artean ezin da oroz gainetik arrazionalizatu, intelektualizatu, haur begirada pausatzeko gai izan behar dugu, a priori-rik gabekoa. Sentitzen dugunari irekiak izan», erran zuen behin.

«Eta argiak, Kantauri itsasoan, Xiberoaren koloreen antza du».