NAIZ.INFO
NAIROBI

Gutxienez 40 lagun zendu dira Nigerian, ustez Boko Haramen eraso batean

Ustez Boko Haram taldeak Nigeriako ipar-ekialdean egin duen erasoaldi batek gutxienez 40 lagunen heriotza eragin du, bertako komunikabideen arabera.

Erasoa atzo gertatu zen, Borno estatuko Gurmuchi herrian, armatutako gizonek herritarren aurka tiro egin eta zenbait etxebizitzari su eman zietenean.

‘The Punch’ egunkariak aipatzen dituen lekukoen arabera, herria «zeharo suntsituta» gelditu zen eta herritar gehienek basoan babesa hartzea lortu zuten.

Ustez Boko Haram taldea izan da erasoaldiaren egilea. Azkenaldian areagotu egin dira talde honek Borno estatuan eginiko ekintza armatuak.

Hain zuzen, estatu horretakoak dira aipatu taldeak bahitu dituen 200 nesketatik gehienak. Horietako lauk atzo ihes egitea lortu zutela diote iturri batzuek eta, bitartean, beste batzuek diote aske utzi zituztela.