NAIZ.INFO
DONOSTIA

Estatu espainolak hizkuntza gutxituen Europako Itunari «iruzur» egiten diola salatu dute

Erregio edo Gutxiengoen hizkuntzen Europako Itunaren betetzeari buruz laugarren txostena aurkeztu berri du Estatu espainolak eta, Kontseiluak eta Behatokiak salatu dutenez, bertan «muzin» egiten zaie Europako adituen gomendioei edo haiei «gezurrak» esan zaizkie.

Kontseiluko Paul Bilbao eta Behatokiko Garbiñe Petriati, Donostian egin duten agerraldian. (NAIZ.INFO)
Kontseiluko Paul Bilbao eta Behatokiko Garbiñe Petriati, Donostian egin duten agerraldian. (NAIZ.INFO)

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenaren arabera, «Espainiako estatuak iruzur egiten du beste behin ere». «Egin duen txostenean ez zaie erantzuten zuzenean adituen batzordeak zein Ministroen Kontseiluak egindako gomendioei eta eskaerei», gaineratu du.

«Kontraesankorra da Itunak Nafarroan duen aplikazioa, eta nahien arabera irizpide desberdinak baliatzen dituzte agintariek», azaldu du Bilbaok.

Estatu espainoleko administrazioari dagokionez, Europako Ministroen Kontseiluak bi eskaera zehatz egin zituela esan dute; lehenik, hizkuntza gutxituen presentzia bermatzea eta euskarazko zerbitzua emango duten langile nahikoak egongo direla bermatzea, bestetik.

Bada, Bilbaok azaldu duenez, «ez du zehazten zenbat langile dagoen, postuen artean kopuru handi bat baloratu egiten dela dio hitzez hitz, baina ez du daturik ematen. Are gehiago, gezurrak esaten ditu, besteak beste, Gizarte Segurantzan dena elebietan dagoela diotenean, izan ere,TCak adibidez gaztelania hutsean daude».  Onartezin jo du Kontseiluko kideak lehengoa «mantentzea» positibotzat aurkeztu izana. «Berdin jarraitzea ez da aurrera egitea, hori ezin da onartu», esan du.

«Honek guztiak erakusten du ez dagoela inolako borondaterik», Bilbaoren esanetan.

Nafarroako Gobernuaren inguruan esan dutenaren arabera, «argi adierazten da hemen ere krisiaren aitzakia baliatu duela neurriz kanpoko murrizketak egiteko».

«Larriena da Nafarroako Gobernuan hartutako hainbat erabaki eta neurri ezkutatu dizkiola Europako Kontseiluari, Euskaltegiak eta hedabideak diru-laguntzarik gabe utzi ditu legea bera urratuz», azaldu dute.

Hedabideen alorrean, nabarmendu dute, «Euskalerria irratiaren lizentzia dela eta Nafarroako Gobernuak irratiari lizentzia emateko gomendioari erantzunez dio Nafarroako, Estatuko eta Europako araudiaren kontra doala eta auzi honi buruzko gomendioa bertan behera uzteko eskatzen du. Bada, bitxia Nafarroako Gobernuak Europari gomendioak aldatzeko eskatzea, hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak irrati lizentzien banaketa baliogabetu duenean irregulartasunak argudiatuta».

Kontseilua eta Behatokia Euroitunaren balorazioari buruzko txostena prestatzen hasiko direla iragarri dute, eta Europako Kontseiluko Adituen Batzordeari helaraziko diotela azaldu. Halaber, aurrekoetan bezala adituak Estatuan bisita egiten dutenean haiekin egoteko asmoa ere agertu dute bi erakundeek.