Naiz.info
Donostia

‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoa artxibatu dute ustezko delituak preskribatuta daudelako

Epaileak ‘Egunkaria’ren aurkako auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki du, auziperatuei egozten zitzaizkien ustezko delituak preskribatuta daudelako. Fiskalak bost eguneko epea zabaldu du alegazioak aurkezteko.

‘Egunkaria’ren itxieraren hamargarren urteurreneko ekitaldia, Martin Ugalden. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
‘Egunkaria’ren itxieraren hamargarren urteurreneko ekitaldia, Martin Ugalden. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Egunkaria’ren itxieratik hamaika urte igaro direnean, Donostiako Zigor Auzitegiko Carmen Zubimendi epaileak auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki du, ‘Berria’k jakinarazi duenez.

Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi —azkeneko hirurak auzi nagusian epaituak eta absolbituak— izan dira auzi ekonomikoko zortzi auzipetuak.

Espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatzen zituen fiskalak zortzientzat. Auzi nagusian baino handiagoak: denera, 128 urteko espetxealdia eta 221 milioi euro. Akusazioa: ‘Egunkaria’-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egitea.

‘Egunkaria’ko auzi ekonomikoa Gipuzkoako Lurralde Auzitegira pasatu zen eta Dignidad y Justicia akusaziotik at utzi zuten.

Pasa den apirilean auzi honetako aurretiazko saioa egin zuten, Donostian. Defentsak kasua artxibatzeko eskatu zuen, auzia preskribituta dagoela argudiatuta. Fiskalak, aldiz, zigor eskaerei eutsi zien.

2003ko urriaren 16 agindu zuen Juan Del Olmo epaileak, ‘Egunkaria’ itxi eta zortzi hilabetera.