Xole ARAMENDI - GAUR8
GASTEIZ
Elkarrizketa
Alberto Ipiña
Slow Food Araba conviviumaren bultzatzailea eta Nazioarteko Slow Food Kontseiluko kidea

«Mugimendua gora doa, etengabe»

Alberto Ipiña (Gasteiz, 1960) Zuzenbidean lizentziatua da baina gastronomia du pasio. Lan handia egin du slow food mugimendua Araban zabaltzen. Mundu osoan zehar egiten diren bileretan parte hartzen du Nazioarteko Batzordeko kide bezala. «Estatu espainoleko eta Portugalgo ordezkari bakarra naiz», dio. Italiako Bra hirian izan berria da.

Alberto Ipiña. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Alberto Ipiña. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Mugimenduak mundu mailan izan duen bilakaera positiboa nabarmendu du. «Hasierako ikuspuntu hedonista utzi eta zaporearen hezkuntza, eta nekazaritzaren eta elikagaien ondarearen eta biodibertsitatearen defentsa hartu ditu ardatz. Hirugarren Munduan lan handia ari da egiten baluarteen bitartez, planetaren alde lan eginez», adierazi du.

Nola sortu zen Arabako «convivium»-a?
Zapardiel gastronomia elkartean eman genituen lehenengo pausuak. 2004. urtean Turingo Salone del Gusto edo Zaporearen Azokan Gesaltzako gatza aurkeztu genuen, munduan zehar galzorian zeuden beste hainbat produkturen artean. Harrituta geratu ginen helburu beraren inguruan zenbat arraza, zenbat kolore bildu ziren ikusita! Euskal Herriko hainbat kide ezagutu genituen han bertan eta convivium-a abian jarri genuen.

Berandu baina indartsu sartu zen mugimendua gurean, ezta?
Arabako egoeraz hitz egiten dezaket nik eta hemen gora doa, etengabe. Kide batzuk bidean geratu dira, baina filosofia honen jarraitzaile berriak sortzen dira. Euskal Herrian beste toki batzuetan baino azkarrago zabaldu da. Guk gastronomiarekin dugun loturagatik izan daiteke. Slow food mugimendu sortu aurretik hemen baziren erosten zutenarekiko ardura zutenak.

Gure aitona-amonek esan dezakete ez duela ezer berririk ekarri, baina, munduak hartua zuen abiadura azkarrarekin, iraultza izan zela esango zenuke?
Zalantzarik gabe. Hedadura handiko merkataritza guneetan erostera ohituta geunden. Etiketek hain dute letra txikia erosleak ezin duela jakin zer erosten duen ere... Eta horrez gain, gauza asko gertatzen ari ziren guk ezer jakin gabe, transgenikoak-eta adibidez.

Geldialdia hartu eta hausnartzera gonbidatu zuen mundua Petrinik, ezta?
Horixe da. Korrika genbiltzan eta garrantzitsuena pisua edo autoa erosteko dirua aurreztea zen. Elikadurak mundu osoa mugitzen du, baina ez genion batere erreparatzen. Nazioarteko Batzordearen azken manifestuan nabarmendu dugu ekoizpenaren eta elikaduraren menpe dagoela planeta osoa: uraren eta airearen kalitatea, ingurumena, eta nola ez, gure osasuna. Slow food mugimendua martxan jartzean begiak ireki eta konturatu ginen gauza asko ari ginela gaizki egiten. Mundu erdiak gaixotasun eta obesitate arazo handiak dituen artean, beste erdia gosez hiltzen ari da. Zer esanik ez zenbat jaki botatzen dugun alferrik! Eta ezin ahaztu farmazia industriaren interesak, haziak lapurtzen dituzten enpresak, Hirugarren Munduan nekazariak hiri handietako txaboletara mugiarazten dituztenak... Hau dena elikaduraren menpe ere badago. Begirada atzera bota, gaizki zer egiten den aztertu eta ekoizpen biologikoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa bideragarria dela jakitea da gakoa; ez du zertan garestiagoa izan gainera. Jendartea sentsibilizatu nahi dugu honen guztiaren inguruan.

«Jaten duguna gara» esaldiaren kontziente gara Euskal Herrian?
Beste toki batzuetan baino gehiago, baina ez nahikoa. Erosketa zer garestia den diogu. Egia da asko direla egoera ekonomiko larrian bizi direnak, baina gehiengoak elikadurari eskaintzen diona ez da diru-sarreren %18ra iristen.

Zeintzuk dira Araban eskuartean dituzuen  egitasmo nagusiak?
Hezkuntza arloan baratzak sortu ditugu. Helduei zuzenduta Zaporearen Laborategiak antolatzen ditugu. Ekoizleen eta kontsumitzaileen edo koproduktoreen –nik nahiago dut horrela deitu– eta sukaldarien artean egiten dira. Ekoizleak bere lana ezagutarazten du, sukaldean eskaintzen dituen aukerak azaltzen ditu sukaldariak eta ondoren dastatu egiten da. Ohiko dastatzeak ere prestatzen ditugu elkartean, produktu edo edari baten inguruan. Ekoizleei egindako bisita ugari antolatzen ditugu, jendeak beraien lana bertatik bertara ikus dezan. Kontsumo taldeak ere bultzatzen ditugu, ekoizleen eta koproduktoreen  zuzeneko harremana sustatuz. Bertako arrazekin eta produktuekin egiten dugu lan, gure lurraldera ondoen egokitu direnekin. 

Hazien sarearekin aritzen zarete elkarlanean.
Bai, bai. Lan garrantzitsua egina dute galzorian dauden espeziekin. Erakundeetatik laguntza gehiago jaso beharko lukete, biodibertsitatearen alde egiten ari diren lana ezinbestekoa da-eta. 

Zenbat barietatek osatzen dute «Zaporearen Kutxa» zerrenda mundu mailan?
Orain 2.000 dira denera eta lau urteren buruan 10.000 izatera iritsi nahi dugu. Zenbat eta produktu ugariago izan “Zaporearen Kutxa” zerrendan, are eta elikagai komunitate gehiago sortuko dira. Afrikan 10.000 baratze sortu ditugu dagoeneko. Erakundeko gazteak Europara etorri ziren ikastera eta orain hara itzuli dira lanera. Ezinbestekoa da hango herri askoren biziraupenerako.

Mundu osoan 150.000 bazkide garela esaten dugu, baina Afrikaren kasuan tribu osoaren artean ordaintzen dute kuota. Beraz, ez da bazkide bakarra, ehunka baizik.