NAIZ
DONOSTIA

Kutxaren Administrazio Kontseiluaren etziko bilera atzeratzeko eskatu du Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak gutuna bidali dio Xabier Iturbe Kutxako lehendakariari erakundearen Administrazio Kontseiluak etzirako antolatu duen bilera irailera atzera dezala eskatzeko. Bilera horretan banku fundazio berriaren estatutuak aztertu nahi ditu Kutxak eta Aldundiak «funtsezko erabakiak» presarik gabe eta aukera guztiak aztertuta hartu behar direla defendatu du.

Martin Garitano Larraitz Ugarte bozeramailearekin, ekainean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Martin Garitano Larraitz Ugarte bozeramailearekin, ekainean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, Kutxaren Administrazio Kontseilua etzi biltzekoa da banku fundazio berriaren estatutuak aztertzeko.

Garitanok azaldu duenez, Foru Aldundia txosten juridikoa egiten ari da Kutxa «kontrol sozialaz eta publikoaz jarraitzeko aukera guztiak» sakon aztertzeko eta ondorioak irailean ezagutuko dira. Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, Kutxak «funtsezko erabakiak hartu behar ditu, gipuzkoarren etorkizuna baldintza dezaketenak, eta beraz, prozesu hori patxadaz, gardentasunez eta aukera guztiak ondo aztertuta eta eztabaidatuta egin behar da».

Ildo horretan, ez du ulertzen «orain presaka ibiltzea eta txosten horren emaitza ezagutu gabe erabakiak hartzen hastea».

Garitanok gutuna bidali dio Xabier Iturbe Kutxako lehendakariari, Administrazio Kontseiluaren bilera iraileko bigarren astera atzera dezala eskatzeko. Gogoratu du legeak abenduren 29ra arteko epea ematen duela erabakiak hartzeko eta, ondorioz, zera azpimarratu du: «ez dago presarik, bost hilabete ditugu oraindik erabakiak hartzeko; asko dugu jokoan eta Kutxaren izaera publikoari eusteko aukerak ondo aztertu behar ditugu. Arduraz jokatu behar dugu».

Foru Aldundiaren ustez, Kutxak publiko izaten jarraitu behar du eta ezin die «elite baten interesei» erantzun; gipuzkoarren eta Gipuzkoako ekonomiaren zerbitzura egon behar du».

«Pribatizazioa kolpe latza izango litzateke Gipuzkoako gizartearentzat. Eta kontrol sozial eta publiko bermatzeko aukera, egon, badago. Beraz, borondate politikoa da kontua. Asko dugu jokoan, gure etorkizuna erabat baldintzatuko duten funtsezko erabakiez ari gara», nabarmendu du.