Hamarka lagunek AHTren aurkako kalejira koloretsua burutu dute Donostiako kaleetan barrena, Lakuak Miramar jauregian egin ohi duen lehen gobernu kontseiluaren aurrean azpiegitura «xahutzaile eta txikitzaile» horrekiko arbuioa adierazteko.
Goizeko 11etan Bulebarretik abiatu da kalejira eta Iñigo Urkullu lehendakariaren irudia gainean zeraman «AHT-marrazo» bat eraman dute Miramar jauregira arte.
Era honetan, azpiegitura horren logika «depredatzailea» irudikatu eta bertara bideratutako «baliabideen xahuketa» salatu dute.
Ertzainek Miramar jauregira sartzea eragotzi diete kalejiran parte hartu dutenei, baina kanpoaldean jarraitu dute oihu eta kantuekin AHTren aurka protesta egiten.