Amalur ARTOLA
BILBO
Elkarrizketa
BERNARDO ATXAGA
Euskarazko EUSKADI LITERATURA SARIA 2014

«Gizartearen barnean euskal kulturaren inguruko beste gizarte bat sortu behar dugu»

«Obabakoak» lanak eman zion lehena eta «Nevadako egunak» obraren eskutik iritsi zaio Bernardo Atxagari bigarren euskarazko literaturako Euskadi Saria. Asteasuarrak biografia, eleberria eta kronika uztartzen dituen lana osatu du, eta epaimahaiak bere «hitzen magia» nabarmendu du.

Ez lehena eta ez bigarrena, Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951) laugarren Euskadi Literatura Saria jasoko du, «Nevadako egunak» lanagatik. Euskarazko kategorian jasoko duen bigarrena da, 1989an «Obabakoak» lanak eman baitzion lehena. Obra hark saritu berri dutenarekin duen loturaz, literaturaren orainaz eta Bernardo Atxagaren geroaz mintzatu zaigu.

Lehenik eta behin, zorionak sariagatik. Laugarren Euskadi saria duzu, euskarazko bigarrena... Ohitzen al da inor sariak jasotzera?

Ba begira, egia esango dizut: eguneroko bizitza oso astuna da gehienontzat, ogia kopetako izerdiaz irabazi behar da eta, sariek, ume koxkorrek eskolan daudela elurtea izatean sentitzen duten pareko poza ematen dute. Bat-batean halako sari bat jasotzea salbuespena da, laguntza bat ere bada, noski, baita ekonomikoa ere, ni idazle profesionala naizelako. Poza da, bai.

«Nevadako egunak» lanak Espainiako Kritikaren Saria ere jaso zuen. Zerorrek esana da zure lan irmoenetarikoa dela. Kritikak, aldiz, generoekin hausten duen lana dela esan du; biografia, kronika eta eleberriaren arteko hibrido bat. Hala deskribatuko zenuke?

Hizkuntzalaritzan «karakol eskailera» deritzona ikasten da: askozaz errazagoa da eskuarekin mugimendu bakarra eginda halako eskailera bat egitea, hitzez haren deskribaketa bat egitea baino. Behatzarekin kiribila egitea erraza da. Liburu honekin berdin gertatzen da: askoz errazagoa da irakurtzea, nahiko irakurketa gozoa duelako, hitzez zer den azaltzea baino.

Nik lista edo soka bat dela esango nuke. Lista horretan, bat-batean, badago korapilo txiki bat, hurrena lakartasun bat, hurrena biguntasun bat... Lista horrek oso tarte desberdinak dauzka, baina dena da lista bera. Liburuak badu oinarri poetiko bat, beti bera dena.

Nevadako egonaldiko kronika izan nahi zuena 150 piezako lan bilakatu zitzaizun. Nolakoa izan zen sortze prozesua?

«Behi euskaldun bat» idatzi nuenetik ardura handia daukat paisaiekin eta, desertuan barneratzea, halako paisaia batean sartzea eta hori hitzen bidez adieraztea niretzat erronka oso handia zen. Hori da liburuak duen oinarri poetikoetako bat. Bestea, liburuan etengabe dagoen kezka bat litzateke: ze irudi uzten dugun heriotzaren ondoren. Uzkudunen kasua aztertzen da, nire amarena, eskela bat azaltzen da... Hor azaltzen den jendea bizi izan zen eta badago post mortem edo azken irudi hori ona izan dadin ahalegin bat, nik enblema deitzen diot. Horiek dira lerro poetikoak, listari lotura ematen diotenak.

Zure idazkeran aro berri bat dakarren lana da edo, agian, behinolako Obaba hartara bueltatzen zara apur bat?

Nik onartuko nuke alde batetik badela abiapuntura itzultzea. Liburu honek badu antzik «Obabakoak»-ekin. Nolabait, hau da nire «Obabakoak» 62 urterekin. Esperientziak lagundu egiten dio idazleari, niri esperientziak ematen dit idazteko autoritatea; errealitatearen aritmetika sakona. Aritmetika hori hobeto ezagutzen dut, hobeto ulertzen dut zer den amaren bihotza. Halako esperientziek lagundu egiten diote idazleari.

Zure emazteak ere idatzi du AEBei buruz. Zerk lotzen zaituztete horrenbeste hara?

Asun Garikano nire emaztea da eta, bai, «Far Westeko Euskal Herria» eta «Kaliforniakoak (1533-1848)» idatzi ditu. Zilegi zait esatea, nahiz izan etxe berekoa, oso liburu onak direla. Abantaila izan da aldamenean halako pertsona bat izatea. Esate baterako, Renotik San Frantziskora joan ginenean eta Sierra Nevada zeharkatu genuenean, han gertatutako artzainen kontu batzuk-eta lehen eskuko informatzaile baten bidez jaso nituen, berak bai baitaki kontu horiez. Hori niretzat laguntza ikaragarria izan da.

Bestalde, Mendebala oso hurbila egiten zaigu, bi arrazoirengatik. Batetik, gure irudimen kutxako elementu asko harekin lotuta daudelako, cow boy eta txerokiak, adibidez. Eta Tolosako Leidorren eta Andoaingo Maizan ikusten genituen indio eta bakeroen pelikuletako paisaiak daude han. Bestalde, Mendebala euskaldunen lekua ere izan da. Idahora joaten bazara, euskal ikurrina nonahi ikusiko duzu, San Frantziskon edo Renon euskal komunitateak daude... Renon, Nevadan, bazen nik ezagutu nuen euskal idazle bat, Paul Laxalt. Haren memoriak irakurrita, zure aitonarenak izan zitezkeela pentsatzen duzu, Euskal Herriko gure aiton-amonen garaiko pertsona bat. Euskal Herria barruan daramate, estatubatuarrak dira baina badute euren euskaldun txokoa.

Aurten izan da aldaketarik Euskadi Sarietan. Egileek ez dute euren lana aurkeztu beharrik izan. Nola baloratzen duzu hori?

Hori oso ondo dago. Alde horretatik, gero eta hobeto egiten ari dira gauzak eta guretzat ere askoz erosoagoa da. Ez duzu zertan nabarmendurik eta `irabazi nahi dut' deklaratu beharrik; zu hor zaude, argitaratzean onartzen duzu, esate baterako, dendetan egongo zarela eta irakurleek zure liburua eros dezaketela. Nolabait, sare batean sartzen zara. Eta argitaratzeak badakar saritua izateko edo ez izateko aukera. Beste joerak, apur bat lerrotik kanpokoak iruditzen zaizkit.

Argitaratzea ez da sekula ekintza harroa, aurkezpenetara modu apalean joaten gara eta gure liburua hor doa... Nik, adibidez, ez dut onartzen nire buruari emandako saririk. Nire lanari ematen badiozu, oso ongi iruditzen zait. Baina obrari ematen ez zaizkion sariak ez ditut onartzen.

Gaur arte ez dira izendatuen izenak jakin. Alboan izan dituzunak aintzat hartuta, zein da zure ustez euskarazko literaturak duen osasuna?

Nire atalaia «Erlea» izeneko aldizkaria da eta handik ikusten dut, esate baterako, Koldo Izagirrek gogoeta-testu oso sendoak egiten dituela. Emakumezkoen lerroa ere hor dago, Irati Elorrietak oso testu politak egiten ditu, Uxue Apaolazak oso interesgarriak, Eider Rodriguez ere hor dago... Badago halako lerro sendo bat. Aukera bat, behar duten denbora eta dirua, ematen bazaie, egingo dute obra bat. Gero, galdetzen badidazu `irakurleak zer moduz?'... Tira, ba, adibidez, uste dut «Erleak» ez dituela merezi dituen irakurleak. Badago mugimendu bat, baina erresonantzia kaxa bat behar dugu, ekitaldiak, irakurle klubak... Gizartearen barnean euskal kulturaren inguruko beste gizarte bat sortu behar dugu.

Zure webean irakurri berri dugu «Obabakoak» datorren urtearen hasieran aterako dela Lituanian. Argitaratu eta 26ren bat urtera. Marka guztiak hautsi behar al ditu?

Bai, «Obabakoak»-en kasua harrigarria izan da, ez dakit zenbat hizkuntzatara joan den... Ematen du bera bakarrik ari dela bidaiatzen hor barrena eta, bat-batean, Lituanian dago. Turkian ere berrargitaratu behar dute, Alemanian ere bai... Albanian «Zazpi etxe Frantzian» atera behar dute. Zoragarria da. Itzulpenak badoaz, batzuetan poliki eta besteetan azkar, eta opari bat da horrenbeste urte eta gero bere bidea egiten ari dela ikustea.

«Nire legea da ahal den soilen aritzea, azpian dagoen ideia izatea indartsua»

Epaimahaiak «hitzen magia» eta gauzak xumeki kontatzeko duzun dohaina nabarmendu ditu. Maiz korapilatsua izan ohi da gauzak era sinplean kontatzea, ezta?

Niretzat lehen legea izaten da ahal den guztietan soil aritzea, zenbat eta soilago hobe, eta azpian dagoen ideia izan dadila ideia indartsu bat. Baina, adierazpena, izan dadila soila. Niretzat erreferentziazko poetetariko bat Eugenio Montale italiarra da, eta hark poema batean honakoa esaten du: `Ez eskatu niri halako hitz ederrik, niri eskatu hitz soilak, adar ihartuak bezalakoak'. Niretzat soiltasuna eta kalitatea, horiexek osatzen dute lehen legea.

Zuk, aldiz, orain «gogoak bultzatuta» idazten duzula aipatu duzu. Uneren batean ez dela horrela izan ulertu dugu.

Begira. Behin, Frantziako aldizkari monografiko batek Julio Caro Barojari elkarrizketa bat egiteko eskatu zidan. Nik berriro irakurri nuen, galderak oso ondo prestatu nituen eta galdera haien erantzunek gutxienez hiru orrialderako eman zezaketela pentsatu nuen. Berak, ordea, erantzun laburrak eman zizkidan, `bai, hala izango da' eta `bai, ondo esana dago hori' gisakoak. Ez zeukan erantzuteko gogorik. Pentsatu nuen halako batean bizitzeko gogoa, munduan egotekoa, joan egiten dela, eta hortik aurrera ez dagoela ezer. Egotekotan, nahi baduzu, budisten nirvana. Azkenean bere liburuekin-eta bete nuen testua. Horrekin esan nahi dut, nik oraindik, eta hori da nire poza, zeinahi dela ere egoera, idazteko joera hori badudala. Gaur 10.00etarako Bilbon egon beharra neukan eta, bart, ia 2.00etan bukatu dut Gabriel Arestiri buruzko hamabi orrialdeko testu bat. Egunen batean idazteak ez balit pozik emango, Caro Baroja zegoen puntuan egongo nintzateke eta horrek esan nahiko luke agortu naizela mundu honetatik. A. A.