NAIZ
BILBO

Sahararen askatasuna galdegin du Askapenak Bilbon

Askapenak elkarretaratzea egin du Marokok Bilbon duen kontsulatuaren atarian. Saharara joandako brigaden kanporaketa eta bertako herritarren aurkako «sarraskia» salatzeko gutun bat entregatzen saiatu dira, baina ez dute jaso nahi izan eta Ertzaintzari dei eginez erantzun dute.

Hamarka lagunek Sahararen aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo Marokok Bilbon duen kontsulatuaren atarian.

Sahararen «okupazio ilegala» salatu eta uda honetan Marokok Askapenako brigadistak kanporatu izana arbuiatzea zuen helburu protestak. Sahararen aldeko pankartak eta bandera ugari zeramatzaten bertaratutakoek.

Mezu hori bera kontsulatura eramaten saiatu ziren Askapenako kideak, berta kexa bat ezartzeko idatzi bat utziz. Kontsuletxeko arduradunek gutuna jasotzeari uko egin zioten eta Ertzaintzari hots egin zioten.

Ondoren, giza katea osatuta Gobernu espainolaren ordezkaritzara joan ziren, han ere kexa ofiziala jartzeko. «Izan ere, ez da Maroko Saharako herrian burutzen ari den sarraskiaren erantzule bakarra», nabarmendu dute.

Askapenak esan duenez, «Espainiak zor historikoa du Saharako egoerarekin, Espainiari baitzegokion autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta, beraz, egun oraindik ere bera da hein handi batean Saharako egoeraren arduradun politikoa».

Hori dela-eta, Saharako «okupazio ilegala» salatu eta bertako herritarrentzako askatasuna galdegin du Askapenak.

Ildo horretan, konpromisoa adierazi dute sahararren aurkako errepresioa salatzen jarraitzeko, borrokatzen duten estatu independientearen aldarria zabaltzeko eta, «nola ez, brigadak antolatzen» jarraitzeko.