NAIZ
IRUÑEA

UPNren aurrekontu proiektua ez dutela babestuko iragarri dute oposizioko taldeek

UPNren Gobernuak aurkeztu duen datorren urteko aurrekontu proiektua ez dutela babestuko iragarri dute oposizioko alderdiek, PPk izan ezik. Nolanahi ere, PSNk zehaztu du «lasaitasunez» aztertuko duela egitasmoa.

Lourdes Goicoechea eta Yolanda Barcina, aurreko asteko osoko bilkuran. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Lourdes Goicoechea eta Yolanda Barcina, aurreko asteko osoko bilkuran. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Parlamentuko oposizioko taldeen ustez, Lourdes Goicoechea Ekonomia sailburuak atzo aurkeztu zuen 2015erako aurrekontu proiektua «murriztailea» da eta ez da baliagarria izango ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko. Gainera, krisiak sortutako kalteak txikitzeko gizarte politikak ere ez dituela bermatuko iritzi diote.

Horregatik, talde guztiek, PPk izan ezik, aurreproiektua ez dutela babestuko aurreratu dute. PSNk, hala ere, agiria «lasaitasunez» aztertu behar duela zehaztu du.