NAIZ
BILBO

Santi Brouard eta Josu Muguruza omenduko dituzte azaroaren 15ean

Sortuk omenaldia egingo die heldu den azaroaren 15ean Santi Brouard eta Josu Muguruza militante abertzaleei, gerra zikinak hil zitueneko 30 eta 25 urte betetzear direnean. ‘Apur ditzagun kateak’ lelopean egingo da ekitaldia, Euskalduna Jauregian.

Pernando Barrena eta Maribi Ugarteburu, Brouard eta Muguruzaren omenezko ekitaldiaren kartelarekin. (ARGAZKI PRESS)
Pernando Barrena eta Maribi Ugarteburu, Brouard eta Muguruzaren omenezko ekitaldiaren kartelarekin. (ARGAZKI PRESS)

Azaroaren 20an 30 eta 25 urte beteko dira Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztenetik, hurrenez hurren. Horren karira, Sortuk ekitaldia antolatu du, azaroaren 15ean, larunbatarekin. Bi militante horiek ezker abertzalearen baitan eginiko ekarpen humano eta politikoa omendu nahi du indar abertzaleak.

Ekitaldia Euskalduna Jauregian egingo da, ‘Apur ditzagun kateak’ lelopean, 18.00etan.

Maribi Ugarteburuk eta Pernando Barrenak aurkezpen ekitaldian nabarmendu dutenez, «erabateko krisialdian» murgilduta dago Estatu espainola eta Francoren heriotzarekin batera «botere faktikoek hainbat alderdirekin hitzartutako erregimenak pitzadurak baino ez dauzka». Hala, marko politiko-territorialaren «porrota», eredu ekonomikoaren «krisi sakona» eta Estatua kudeatzeko ardura duten alderdiak «ustelkeriak jota» daudela aipatu dute.

Sortuko ordezkariek gogora ekarri dute hamarkadetan zehar Gobernu espainol desberdinek gerra zikina eta errepresioa erabili dituztela gatazkaren konponbide politikoa eta demokratikoa ekiditeko, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza «estrategia horren biktima» izan zirela.

«Duela 35 urte eman ez zen haustura demokratikoa ezinbestekoa da egun eskubideak ukatu eta urratzen dituen Estatuarekin», nabarmendu dute. Azaroaren 15ean egingo duten ekitaldian «Espainiarekin kateak hautsi» behar direla aldarrikatuko dute, «gure geroaren jabe egiteko eta independentzia eta sozialismoari ateak irekitzeko».