naiz
baiona

Tomas Elgorriagaren atxiloketa «konponbidearen aurkako erasoa» dela ohartarazi du EIPK-k

Alemanian bizi den Tomas Elgorriaga iheslari politikoaren atxiloketa «euskal jendartearen gehiengoaren borondatearen kontrako erasoa» dela ohartarazi du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) eta «salbuespen neurriak bertan behera utzi» behar direla gogorarazi du.

Tomas Elgorriaga euskal iheslaria pasa den ostiralean atzeman zuten Alemanian eta bere atzematea gogor salatu du EIPKk ohar bidez. Bere aburuz, atxiloketa hau «euskal jendartearen gehiengoaren borondatearen kontrako erasoa da», baita «konponbidearen aurkakoa ere».

Ildo horretan, «euskal iheslarion aurka modu berezian erabiltzen diren salbuespen neurriak bertan behera utzi behar direla» gogorarazi du kolektiboak.

«Lehenetik azkeneraino, gatazkaren ondorio garen euskal iheslari politiko guztiak etxeratzeko metodologia proposatu genuen 2013ko ekainean Biarritzen aurkeztutako bide orrian. Bide honetan, deia luzatu nahi diegu herritar zein eragileei, gatazkaren konponbidearen zein eszenatoki demokratiko baten aldeko dinamika indartzen segitzeko», adierazi dute.