NAIZ

Biktimak omendu dituzte instituzioek Oroimenaren Egunean

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako instituzioentzat Oroimenaren Eguna da azaroaren 10a 2010etik. Lore eskaintzak eta omenaldiak izan dira batean eta bestean. PPk eta UPyDk Gasteizko Legebiltzarrekoan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoan parte hartzeari uko egin diote. Donostiako alkateak bando bidez «erabiliak izan direla sentitu duten biktima guztiei» bere «nahigabea» adierazi die. Ortuellan udal talde guztiek elkarrekin sinatu dute adierazpen instituzionala.

Irekia.org

PP eta UPyD ezik gainontzeko alderdi politikoek elkarrekin egin diete omen biktimei 2010ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarri zen Oroimenaren Egunaren baitan.

Gasteizko Legebiltzarrekoa ekitaldi publikoa izan da eta bertan izan dira talde politiko guztietako ordezkariak, PP eta UPyD izan ezik. Azken bi hauek ez dute parte hartu nahi izan, euren ustez «terrorismoaren biktimak» soilik omendu behar direlako egun honetan. Bi minutuko isilunea egin dute Legebiltzarraren kanpo aldean txistulari batek ‘Agur Jauna’ jotzen zuen bitartean.

PPk jarrera bera mantendu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta salaketa Lohitzune Txarola presidenteak egin du «biktimak kanpaina egiteko» ez erabiltzea eskatuz. EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Aralarreko ordezkariek parte hartu duten ekitaldian minutu bateko isilunea egin dute eta krabelin gorriak jarri dituzte Batzar Nagusien egoitza kanpoan dagoen biktimen monumentuan.

Batasun handiagoa Arabako Batzar Nagusietan izan da, kasu honetan PPk ere parte hartu baitu. Hainbat udaletan ere adierazpen instituzionalak egin dituzte Oroimenaren Eguna dela eta. Ortuellaren kasuan bertan diren alderdi guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE) adostutako adierazpen instituzionala onartu dute. «Etorkizuneko bakea eta bizikidetza bermatzeko beharrezkoa dela indarkeriaren biktima guztiak aintzat hartzea» dio mezu horrek.

Izagirreren bandoa

Gaurko egunaren harira Donostiako alkateak, Juan Karlos Izagirrek, bando bidez indarkeria ororen aurkako adierazpena kaleratu du. Atsekabea adierazi die biktima guztiei, bere ustez «biktima ororen inguruan bat egiten ez badugu adiskidetze prozesuak ez du aurrera egingo». Babes falta sentitu duten biktimei ere hitz egin die Izagirrek bandoan, «beren burua babesturik sentitu ez duten biktimei, beren sufrimenduan laguntzarik jaso ez dutela sentitu dutenei, uneren batean baztertuak edota erakunde politiko zein instituzionalen aldetik, ni neu barne, erabiliak izan direla sentitu duten biktima guztiei, nire nahigabea adierazi nahi diet», esan du.

Konponbidean aurrera egiteko beharra azpimarratu du Izagirrek eta Donostiako Bortxakeriaren Mapa osatzeko lehen ikerketa egitea eskatu duela iragarri du. Abenduaren 10erako «bake prozesuan gure hirian aldaketa kualitatiboa ekarriko duen proposamena prest» duela adierazi du.