Gorka Urbizu / Galder Izagirre | 7K

‘Denbora da poligrafo bakarra’, 20 sekuentziatan

Urte hasieran, aurtengoa berezia izango zela aurreratu zuen Berri Txarrak taldeak. Bazen motiborik: ez da edozein talde 20. urtemugara iristen. Apirilaren lehenengo hamabostaldian bira egin zuten AEBetan (zazpi hiritan kontzertu bana emanda), eta orduan jakinarazi zuten, aurreko hilabetetik «sormen prozesu berezi batean» sartuta zebiltzala. «Kantu batzuk grabatu ditugu eta, egia esan, emozionatuta gaude», adierazi zuen orduan Gorka Urbizu abeslari eta gitarristak.

«20 urte, 20 abesti» leloa buruan iltzatuta zutela martxoan abiatutako prozesu hura amaiturik dute, eta gaur zortzi (hilaren 24an) iritsiko da dendetara horren fruitua, Only In Dreams zigilu propioaren eskutik. Baina honezkero jakin badakizkigu hainbat gauza hirukoaren (Urbizurekin batera, David Gonzalez baxu-jotzaileak eta Galder Izagirre bateria-jotzaileak osaturikoa) lan berriaren gainean: ‘Denbora da poligrafo bakarra’ duela izenburu, taldearen urteak adina kantuk osatzen dutela azkenean (hogeik, alegia), abestiok hiru EPtan banatu dituztela eta hirurotako bakoitza ekoizle banarekin grabatu dutela.

Lehenengoa, aurreko ‘Haria’ osatzeko estudioan lagun izan zuten Ross Robinson estatubatuarrarekin. Kalifornian jardun zuten elkarlanean, martxoan eta apirilean. Bigarrengoa, Ricky Falkner kataluniarrarekin. Madrilen bildu ziren grabaziorako, uztail eta abuztuan. Eta azkenekoa, Bill Stevensonekin, berriz ere Atlantikoaren beste aldean (Koloradon, irailean).

Hiru EP-hiru ekoizle dinamika horrek kantuetan izan du eragina, hirukoak berak azaldu duenez. Hori zuten helburu. Eta orain arte aurreratutako bi abestiak kontuan hartzen baditugu, batekoak eta bestekoak soinukeraz «ezberdinak» direla esaterik badago dagoeneko.

Grabazio eta ekoizpen prozesu luze hura gertuxeagotik ezagutzeko aukera eman dio ZAZPIKAri talde nafarrak. Bere argazki kamerak hilabete horietan harrapatutako ehunka egoera edo bizipenetatik 20 hautatu ditu Izagirrek, eta Urbizuk horientzako letra bana egin du. Gaur zortzi etorriko den 20 platereko menuaren aperitifa eskaini nahi izan digute.

Mikel Jauregi

I - Sutxakurrak (Venice, Kalifornia, AEB, 2014 martxoa)

Testua: Gorka Urbizu / Argazkiak: Galder Izagirre

Gorka Urbizu dut izena. Berandu iritsi naiz bizarginarekin neukan hitzordura. Bost axola. Aireportuan nago, Los Angeleserako hegazkinaren zain. Ezlekuak. 2014ko martxoa markatzen dute gailu guztiek, baina zeharka antzean dator udaberria: lore bat hemen, kimu bat han, hartzak banaka esnatzen. Haitzulotik irten eta 20 kantu berri grabatuko ditugu aurten. 20 kantu. Berri.

 

Venice urre eta tabakoaren diruarekin altxatutako zirkua da. Ozeano Barea mendebaldean eta Venezia imitatzen duten kanalak ekialdean; Santa Monicako noria iparrean zelatari, Hollywoodera iritsiko zara hegoalderantz pixka batean gidatuz gero. Kuadrilatero horren baitan dago Ross Robinsonen etxezarra, eta beheko estaian, aldiz, home studioa. Haria ez da eten: hemen izan ginen 2011n, hemen gaude hiru urte eta 150 kontzertu beranduago, ezagunetik ezezagunerako biderako prest. Rec.

 

Astigar-egurra. Mantel zati bat. Larrua. Altzairua. Odola. Zerrautsa. Zinta amerikarra. Aluminioa. Egur-paperezko bolak. Kobrea. Malkoak. Lizar-egurra. Letoia. Karbono zuntza. Intxaurrondo-egurra. Izerdia. Egurra. Egurra.

 

Ross Robinson jaunari riff bilduma berria erakusten.

 

Instrumentuak 3 metro koadroko gela itogarri batean grabatzen genituen bitartean, oso bestelakoa zen ahotsak grabatzeko ingurunea. Letra ilunek talka egiten zuten Kaliforniako argiarekin.

 

Dena ez da ba lana izango!

 

Lehendabiziko diskoa bukatuta, kantuak Nurembergera bidali (nahasketak bertan egin ziren) eta guk, aldiz, 9 kontzertuko birari ekin genion. Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko kosta osoa zeharkatu genuen, San Frantziskon hasi (irudian) eta Seattle-eraino. Bira amaierako festa, baina, New Yorken egin genuen. Brooklynen azken kontzertua eman eta «laster arte» esan genion amerikar kontinenteari, irailean itzuliko ginela gogoan.

 

II - Helduleku guztiak (Madril, 2014, abuztua)

‘Denbora da poligrafo bakarra’ lan hirukoitzaren 2. atalerako Ricky Falkner ekoizlearen aldeko apustua egin genuen (Standstill, Lori Meyers, The New Raemon…). Erabaki honek bat baino gehiago ezustean harrapatu zuen, baina bete-betean asmatu izanaren sentsazioa daukagu hirurok ere. Kea dario disko honi.

 

Galder zigortuta, hazbete gehiegi duten istanbulak hain gogor astintzeagatik. Kuxinak jarri genituen bateriaren soinua mututzeko. Ekoizle bakoitzak bere trukotxoak, aizue.

 

Hiru diskoetan erritmikoena da bigarren hau. Baxu sendoa eskatzen du horrek eta Davidek badaki hori nola lortu. Adi gauzka.

 

Madrilgo otorduak: broma gutxi.

 

Hamabi soka, plazer bikoitza.

 

Aurreiritziak eta beldurrak atean utzi genituen disko honetan.

 

Reno Estudios, Madril, 2014ko abuztua, ziurrenik La Latinan kaña batzuk hartu ostean.

 

III - Xake-mate kultural bat (Fort Collins, Kolorado, AEB, 2014 iraila)

Abentura musikal honetako azken txanpa Koloradon izan zen. Fort Collins herrian dago THE BLASTING ROOM estudio mitikoa. Hantxe grabatu genuen bildumarako azken kantu sorta.

 

Ahor Bill Stevenson, Berri Txarrak-ekin lanean. Gizon hau Black Flag-en aritu zen bateria jotzen. Gizon honek goizero Descendents taldearekin entseatzen du, estudioan lanean jarri aurretik. Gizon honek Rise Against-en disko gehienak ekoitzi ditu eta aspaldi genbiltzan bere atzetik. Orain sortu da elkarrekin lan egiteko aukera: balia dezagun.

 

Disko hau astebetean grabatu eta nahastu genuen, denok elkarrekin, estudioko areto nagusian. Kantu laburrak dira, zuzenak eta sinpleak oro har. Aurreko diskoekiko aldea nabarmentzeko, baldintza bakarra jarria genuen: ez zedila freskotasuna eta bat-batekotasuna gal.

 

Estudiotik ihesalditxoa, Denver-eko Riot Fest jaialdian. Nire atzekoak Weezer delako batzuk dira.

 

Jason Livermore, Bill Stevensonen kide leiala. Urteak daramatzate elkarrekin lanean eta hori berehala igartzen da. Jasonek nahastu du hirugarren disko hau. Lan bikaina egin duelakoan gaude.

 

Urtebetean 20 kantu berri konposatu eta grabatu ondoren, nork espero zuen burutik sano bukatzea?