NAIZ
DONOSTIA

LABek «prestazio eta diru laguntzen gida» aurkeztu du

Pobretze eta prekarietatearen adierazleak azaleratzeko asmoz, ‘Prestazioak, subsidioak eta oinarrizko errentak Hego Euskal Herrian’ gida aurkeztu du LAB sindikatuak. Hauen informazioa eskaintzeaz gain, «egun pairatzen den errealitate gordinaren» salaketa egin nahi izan dute.

LABeko kideak, laguntza murriztuen inguruko testigntzak eman dituzten bi lagunekin.  (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
LABeko kideak, laguntza murriztuen inguruko testigntzak eman dituzten bi lagunekin. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

LAB sindikatuak ‘Prestazioak, subsidioak eta oinarrizko errentak Hego Euskal Herrian’ gida prestatu du, lan honen bidez prekarietate adierazleak aurkezteko asmoz. Donostian duen egoitzan izan da ekitaldia, eta bertan, gida aurkezteaz gain, babes sistema sozialaren inguruko gabeziak lehen pertsonan pairatzen dituzten pertsonen testigantzak izan dira.

Ainhoa Etxaidek, LABeko idazkari nagusiak, argitu duenez, gizartearen informazio faltak bultzatu ditu gida osatzera: «Baldintzak beteta ere, beharko luketenek baino pertsona gutxiagok eskatzen dituzte». Era berean, «egoera honetan bazaude, eska ezazu laguntza» esateak, eskaera egiten duena kriminalizatzea dela iritzi du Etxaidek.

Honela, datorren urtean egoerak ez duela hobera egingo iragarri du idazkari nagusiak, PSEren laguntzari esker Jaurlaritzak aurrera aterako dituen aurrekontuetan prestazioetara bideratutako partidarik aurreikusten ez dela eta. «Aurten ez da nahikoa izan, eta datorren urtean gutxiago izango da».

Hau dela eta, «sistema osoa beste modu batera antolatzea» aldarrikatu du. «Nahiko aberastasun dago Euskal Herrian, baina gero eta jende gutxiagoren eskuetan», amaitu du.

Azken honen erakusleak ere gonbidatu dituzte aurkezpenera euren kasua azal zezaten. Haien artean, murrizketek astean 12 ordu lan egitera eraman duten emakume bat edo espetxetik irten eta 426 euro hilabetean jasotzen zituen bat, zeini erabaki politiko baten ostean, diru hori itzultzeko eskatu dioten.