NAIZ

Osakidetzako grebaren jarraipena aurreko lanuzteetan baino handiagoa dela diote sindikatuek

Osakidetzako greba deitu duten sindikatuek esan dutenez, jarraipena aurreko lanuzteetakoa baino handiagoa da. Lakuak Gutxienezko zerbitzuak «gogortu» egin dituela salatu dute. Osakidetzaren arabera, langileen %10,9k egin du greba.

Osakidetzako langileek Bilbon egin duten manifestazioa. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Osakidetzako langileek Bilbon egin duten manifestazioa. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Osakidetzan lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko neurriak eskatuz azken asteetako protesta aldiaren amaiera gisa 24 orduko lanuztea deitu dute sindikatuek EAEko hiru herrialdeetan. Bart gauean hasita gaurko 22.00k arte iraungo du. Azken asteetan Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egin dituzte lanuzteak eta horren amaiera behar luke gaurkoak, baina Lakuak «aldaketa errealik» egin ezean protesta berriak egongo direla iragarri dute langileen ordezkariek.

Sindikatuek esan dutenez, jarraipena aurreko lanuzteetan baino handiagoa izaten ari da. «Anbulatorio zein ospitaleetan erabiltzaile eta langileen erantzuna ezin argiagoa izan da», adierazi du LABek.

Salatu dutenez, Lakuako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak «gogortu» egin ditu eta, «larriena da, Osakidetza populazio gaixoa erabiltzen ari dela greba eskubidea urratzeko eta jendea gure kontra jartzeko».

Gasteizko Legebiltzarrean, aurreikusita zegoen odola emateko kanpaina bertan behera geratu da grebagatik.

Eguerdian, manifestazioak egin dituzte SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Osakidetzaren arabera, %10,9ko jarraipena

Osakidetzak, bere aldetik, grebaren jarraipena %10,9koa izan dela esan du. Herrialdeka, azaldu du lanuztea %12,5ekoa izan dela Bizkaian, %9,9koa Gipuzkoan eta %7,8koa Araban.

Jon Etxeberria zuzendari nagusiak sindkatuei eskatu die «gogoeta egin dezatela» eta «akordioak lortzeko lanean has daitezela». Eskuartean dituzten lanuzteen jarraipenaren datuak ikusita, azken asteotan egin dituzten mobilizazioak ez daudela «justifikatuta» defendatu du. «Mobilizazioek ez dute Osakidetzako langileen gehiengoaren babesa jaso eta horrek pentsarazi behar lieke sindikatuei», nabarmendu du.

Sindikatuek diote Osakidetzak iragarritako 484ko Enplegu Publikorako Eskaintza ez dela nahikoa, 8.000 pertsona daudela behin-behineko kontratuekin eta 500dik gora direla erretreta hartzen dutenak urtero. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zerbitzu publikoan ezarritako murrizketen aurkako mobilizazioak dira, enpleguaren aldekoak eta kalitatezko zerbitzu bat eman ahal izateko baldintzak eskatzen dituztenak.

Lakuako Gobernuak aldarrikapenerako arrazoirik ez dagoela dio, eta horretarako Espainiako Autonomia Erkidegoekin alderatzen du EAEko zerbitzuaren egoera.