Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Koldo Tellituk, eta Hezkuntza arduradunak, Abel Ariznabarretak, agerraldia egin dute Donostian, Arantza Manterola lehendakariordeak eta Imanol Igeregi zuzendari nagusiak lagunduta. Helburua, Lakuak aurkeztutako curriculum dekretuen gaineko balorazioa egin eta egin dituzten ekarpenak plazaratzea.
Ikastolen Elkarteak argi du: Lakuako Hezkuntza Sailak aurkeztutako dekretuak, dauden bezala, ezin dira onartu. «Aukera galdu baten aurrean egon gaitezke, esku artean duguna nagusiki Lomceren aplikazioa delako», adierazi dute. Nolanahi ere, zirriborro baten aitzinean daudela azpimarratu nahi dute, hobetu daitekeen testu baten aurrean.
Azaldu dutenez, «berrikusketa eta berridazketa sakona» behar ditu zirriborroak. Eta denbora bada oraindik «Euskal Curriculuma garatzeko bideari helduko dion dekretua egiteko», hezkuntza eragileen ekarpenak kontuan hartu eta eurekin lan eginda. «Baina ezin da erretiratu –ohartarazi dute–, hura erretiratzeak Lomce bere gordintasunean aplikatzea ekarriko ligukeelako ondorio gisa». Arduraz jokatu eta aitzinera begirako irtenbide bat behar dela ikusten dute, eta horri urgentziaz heldu behar zaiola defendatzen dute.