NAIZ
BILBO

Abenduak 2.678 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera, Bizkaian jaitsi da gehien langabezia bukatu berri den abenduan, aurreko hilabetearekin aldearatuta %2,02 behera eginda. Gipuzkoa eta Araban ere behera egin du (%1,99 eta %0,42, hurrenez hurren). Nafarroan, %0,59 egin du gora langabeziak abenduan. 213.557 lagun daude Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.

Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Urtea 2.678 langabe gutxiagorekin bukatu da Hego Euskal Herrian, Enplegu Ministerio espainolak kaleratutako datuek adierazten dutenez. Orotara, 213.557 lagun zeuden abenduan Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.

Herrialdekako datuak aztertuta, jaitsierarik nabarmenena Bizkaian eman da. Herrialde honetan 1.911 langabe gutxiago utzi ditu abenduak, aurreko hilabetearekin alderatuta %2,02 jaitsita. Urte batean %1,20 egin du behera langabezia tasak. 92.833 pertsona daude Bizkaian enplegu bulegoetan izena emanda.

Gipuzkoan, azaroko datuekin konparatuta, %1,99 egin zuen behera langabezia tasak abenduan (933 lagun gutxiago enplegu bulegoetan izena emanda). Iazko datuei erreparatuta, hamabi hilabetetan %1,30 egin du behera tasak. 46.007 lagun ari dira Gipuzkoan lan bila.

Jaitsierarik apalena, aldiz, Araban izan da, %0,42 egin baitzuen behera abenduan, 114 lagunek lana aurkituta. Gainera, iazko datuekin alderatzen badugu, %0,5 egin du gora langabezia tasak. 26.931 lagun zeuden abendu bukaeran Arabako enplegu bulegoetan izena emanda.

Hego Euskal Herriari dagokionez, soilik Nafarroan egin zuen gora langabeziak abenduan, zehazki azaroan baino %0,59 gehiago (280 lagun). Hala ere, urtearteko datuei erreparatuta, jaitsiera nabarmena izan du langabezia tasak, %7,19 egin baitu behera. 47.786 lagun daude Nafarroako enplegu bulegoetan izena emanda.

Estatu espainolean, 4,4 milioi langaberekin bukatu zen 2014. urtea, hamabi hilabeteotan 253.627 langabe gutxiago erregistratuta (-%5,39).