Maitane ALDANONDO
GERNIKA

Jon Ander Musatadi: «Nire pasioak biltzen dituen proiektua egin nahi nuen»

Jon Ander Musatadi gernikarrak irabazi du Busturialdeko Landa Garapen Elkarteak antolatutako ideia eta proiektu lehiaketa. Ekintzaileentzako truke-bidaiak antolatuko ditu, horiek kanpoko enpresa-kulturak ezagutzeko eta euskal kooperatibismoaren berri emateko.

Urremendi Busturialdeko Landa Garapen Elkarteak bere lehen ideia eta proiektu lehiaketako epaia ezagutarazi zuen abenduaren 19an. Jon Ander Musatadi izan zen lehen sariaren irabazlea. 21 urteko gernikarrak bi ideia aurkeztu zituen txapelketara. Batak sare sozialen bidez toki turistikoak sustatzea du xede; eta besteak, ekintzaileek enpresa-kultura berriak ezagutzeko bidaiak antolatzea. Azkena gailendu zen, eta Musatadik, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) gradu ikasketen amaiera proiektu gisa garatuko du. Horretarako baliagarri suertatuko zaizkio irabazitako 3.000 euroak. Egitasmo bakarrean hainbat zaletasun batu dituela azaldu du: «Nire pasioak biltzen dituen proiektua egin nahi nuen. Bidaiatzea, kanpoko kulturekin harremana izatea eta formakuntza lotu nahi nituen».

Ikasle gisa atzerrira egin dituen bidaiei esker «mila gauza» ikasi ditu Musatadik. Esaterako, «burua gauza berrietara irekitzea eta lotsak alde batera uztea. Nork bere burua ezagutarazi behar du, kontaktuak egin». Horrez gain, negozioetarako baliagarria den ezagutza eta eskarmentua ere eskuratu ditu. Bere ustez, «gorantz doazen herrialdeak gu baino arinago doaz. Oso indartsu datoz, eta hori aukera da guretzat. Harremana izan eta nola funtzionatzen duten ulertu behar dugu beraiekin negozioak egin ahal izateko». Hain zuzen ere, jakintza hori da ekintzaileen eta ikasleen eskura jarri nahi duena. Horretarako, truke-bidaiak antolatuko ditu, ikasle eta ekintzaileek herrialde horietako enpresa-kultura bertatik bertara ezagut dezaten. Bi norabidekoa izango da. Izan ere, kanpoan egon denean euskal kooperatibismoaren gaineko jakin-mina agertu baitiote. «Kanpoan askok imitatu nahi dute. Ezinezkoa da hemen bezala egitea, baina hedatu egin behar da, irakatsi».

Saria eman dion ideia Txinan ezagutu zuen ikasle bati esker bururatu zitzaion. «Ikasleak Hong Kongera eramaten ditu finantzen gainean tailerrak eta beste egitera. Hizketan aritu ginen eta ikasleak hona ekartzea bururatu zitzaigun LEINN metodologia eta hemengo ekintzaile mugimendua ezagutzeko». Asmoa gauzatzeko, herrialde horietan sozioak lortu nahi ditu, beren bezeroei hona etortzea eskain diezaieten. Orduan, Musatadik zerbitzuak eskainiko dizkie, «Mondragon Unibertsitatean tailerrak egin edo LEINNen astebetez parte hartu». Gernikan abiarazi nahi du egitasmoa, Astra eraikinean sortuko duten enpresa haztegian. «Hemengoa izanik, nola ez dut hor jarriko? Eragina hemen izan nahi dut».

Bokazioa eta pasioa, bat

Enpresa eta finantza munduarekiko interesa haurra zenean piztu zitzaion Musatadiri. 10 urterekin bere kabuz joaten zen bankura eta 13rekin burtsan inbertitzen hasi zen. 15 urte zituela Game Empire, bideo jokoen salmenta enpresa, sortu zuen lagun batekin. Aitonak enpresa bat zuela gaztaroan jakin zuen eta gurasoak ez dira alorrean aritu; beraz, ez daki nondik datorkion zaletasuna. «Oso frikia izan naiz beti. Ez zitzaidan futbola gustatzen, finantza mundua asko interesatu zait beti».

Etorkizunerako amets asko ditu. Nagusia enpresa indartsu bat sortzea da. «Gizartean benetako eragina duen zerbait egin eta ahalik eta lanpostu gehien sortu». Eredutzat duen Warren Buffetten pentsamoldeari jarraituz, turismo industrialaren alorreko enpresa izango da. Musatadik dioenez, «Buffett oso umila da eta bere lanean onena. Pasioa duelako, disfrutatu egiten duelako. Denok saiatu behar dugu gustatzen zaiguna egiten, ez baitago ezer hoberik». Epe laburreko asmoei dagokienez, Hiroshima eta Gernikako gazteak lotzen dituen proiektu bati helduko dio otsailean Japoniara egingo duen bidaian. Azaldu duenez, «gauza asko egin badituzte ere, ikasleekin ez dute ezer egin. Gazteen bake foroa-edo osatu nahi dut. Elkar ezagutu eta trukea egiteko».

«`Con faldas y a lo loco' filmaren zale amorratua naiz eta eszena batean Marilyn Monroek dio burtsako kotizazioak irakurtzeagatik begi txikiak dituzten gizonak gustuko dituela», azaldu du gernikarrak.

Leinn: arituz ekintzaile izaten ikasteko gradua

Mondragon Unibertsitateak 2009an abiarazi zuen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua Honen metodologia, nagusiki, praktikoa da, eta irakatsitako teoria, erabilgarria: finantzak kontuak eramateko, zuzenbidea kontratuen erregistroa egiteko... Ikasleek enpresa kooperatibo bat sortu behar dute taldean eta hainbat proiektu probatu. Lau urteko ikasketak amaitzerako, bakoitzak 10.000 euroko etekina eta 15.000 euroko fakturazioa lortu beharko du. Helburua, eratutako enpresa hori ikasleentzat etorkizun aukera izatea da. Bestalde, nazioartean eta eleaniztasunean lan egiten ikasteko Finlandiara, Ameriketako Estatu Batuetara edo BRIC herrialdeetara (Brasil, Errusia, India eta Txina) bidaiatzen dute. Jon Ander Musatabik, esaterako, Glow, proiektu ekintzaileak garatzen dituen berrikuntza aholkularitza zerbitzua, eratu zuen 13 ikaskiderekin. Jada, 100.000 euroko fakturazioa eta 60.000 euroko etekina lortu dute. M.A.