NAIZ
DONOSTIA

4.000 sinadura aurkeztu dituzte TS Fundiciones-eko langileek Donostiako epaitegietan

Donostiako epaitegietara bertaratu dira TS Fundiciones-eko langileak azken asteetan Urola Kostako bailaran bildu dituzten 4.000 sinadura aurkezteko. Datozen egunetan hartuko du Administratzaile Konkurtsalak enpresa hartzeko aurkeztu diren hiru eskaintzen inguruko erabakia.

Donostiako epaitegietan izan dira TS Fundiciones-eko langileak sinadurak aurkezten. (NAIZ)
Donostiako epaitegietan izan dira TS Fundiciones-eko langileak sinadurak aurkezten. (NAIZ)

Konkurtsoaren bigarren fasean aurkitzen den TS Fundiciones-eko langileak Donostiako epaitegietan izan dira gaur, azken asteetan Urola Kostako bailaran jaso dituzten 4.000 sinadurak aurkezten. Pasa den astean amaitu zen enpresa hartzeko eskaintzak aurkezteko epea: hiru egon ziren.

Langileek adierazi dutenez, ez dute bigarren fase honetan aurkeztu diren eskaintzen inguruko informazio askorik. Hala ere, hiru jaso izanak enpresaren bideragarritasunaren harira eurek zuten iritzia «indartu» egin dela uste dute.

«Batzuek ehundik gora familia kale gorrian utzi eta basakeria hau aurrera eramateko TS-ren bideragarritasun eza aitzakiatzat erabiltzen zuten bitartean, langileok erakutsi dugu arrazoi genuela, bide onetik gindoazela eta jarraitzen dugula», adierazi dute.

Datozen egunetan hartuko du Administratzaile Konkurtsalak mahai gainean dituen eskaintzen gaineko erabakia. «Ez da justua ezagutzen ez gaituen kanpoko pertsona baten menpe gelditzea gu guztion etorkizuna, baina hala omen dio legeak», esan dute bizi duten egoeraren aurrean.

Gauzak horrela, mahai gainean dauden hiru eskaintzak aztertzeko denbora hartu ostean hauen gaineko euren iritziaren berri emango dutela aurreratu dute.