NAIZ
LOGROÑO

Irujok eta Barriolak irabazi egin dute eta bosgarren puntua eskuratu (22-11)

Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak binakako txapelketako bosgarren puntua eskuratu dute Logroñoko Adarraga frontoian Xala eta Merino II.a garaitu ostean. Beste behin, Irujok egin du diferentzia bukatutako 13 tantoekin.

Irujo eta Barriola finalerdietarako bidean sendo daude. Garukoan bosgarren puntua poltsikoratu du bikote nafarrak, Logroñoko Adarragana Xala eta Merino II.ari 22-11 irabazi eta gero. Aurkariak bi punturekin geratu dira sailkapen nagusian, txapelketan aurrera egiteko aukera gutxirekin.

Zortzigarren jardunaldia izan arren, gaurkora arte Xalak eta Merinok ezin izan dute txapelketa honetan partidarik amaitu, aurrelari lekuindarrak lehenebiziko jardunaldian min hartu eta gero. Hala ere, gaur urdinez kantxaratu diren Xala eta Merino II.ak oso seguru ekin diote partidari. Nahiz eta jakin aurkariak faborito argi zituztela, lehen sakea aprobetxatuz 0-3 eta 1-5 izan dira aurretik.

Baina, momentu horretan, Irujo piztu egin da. Aurreko jardunaldian berebiziko erakustaldia eman bazuen, gaur ere berak markatu du diferentzia. Horrela, 10 tanto segidan egin dituzte gorriek eta 11-5 jarri dira aurretik.

Urdinek ez dute amore eman, eta markagaiuan gertu mantentzea lortu dute (14-11). Hala ere, momentu horretan Irujok berriz ere gora egin du, eta Merinok behera. Atzelari errioxarrak, nekea pilatuta, ezin zion pilotarik kendu Iberokoari, eta zuzenenan joan dira gorriak 22. tantoraino.

Urdinek ez dute partida txarrik egin, baina oso sendo agertu dira Irujo eta Barriola. Leitzako atzelaria oso seguru partida osoan zehar eta Irujo beste abiadura batekin. Iaz txapela guztiak bereganatu zituen pilotariak, hala, 13 tantorekin bukatu du gaurko norgehaigoka.

Azkenean, osotara 450 pilotakada ia 50 minutuko partida batean.

Tafallan Bengoetxea eta Untoria nagusi (22-15)

Tafallan aritu dira Bengoetxea eta Untoria (gaurkoan Aretxabaletaren lekuan), Retegi Bi eta Rezustaren aurrean eta Asegarceko bikotea argi nagusitu da.

Modu honetan, laugarren puntua lortu du Bengoetxea VI eta Aretxabaleta bikoteak eta sailkapenaren goiko aldearekin tarterik ez galtzea lortu dute.