Herri txikietako eskolak baldintza egokietan mantentzea eta D eredua eskaintzea. Horiek izan ziren atzo Abartzuzan Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza batzordeko kideek entzun zituzten aldarrikapenak. Udalak, ikastetxeko zuzendariak eta ikasle eta gurasoek batera egin zituzten bi eskakizun horiek.
Abartzuzako ikastetxeko zuzendari Mari Carmen Domblasek azaldu zuenez, gabezia ugari dituzte. Ez dute patiorik ez soinketa modu egokian egiteko espaziorik. Hori dela eta, herriko frontoira edo Udalak utzitako etxabe batera jo behar dute. «Honek arriskuak handitzen ditu», nabarmendu zuen.
Komunak, instalazio elektrikoa eta berogailua ere ez daude behar bezalako egoeran Abartzuzako eskolan.
Eskola berritzea eta D eredua ezartzea ez direla Abartzuzako herritarren aldarrikapena soilik nabarmendu zuten gurasoek. Izan ere, herri txiki ugari biltzen dituen eremu bateko ikastetxea dela gogorarazi zuten.
Hori dela eta, Parlamentuko hautetsiei «errentagarritasun ekonomikotik» harago joateko eskatu zieten. «Errentagarritasun soziala ere kontuan izan behar da», nabarmendu zuten.
Izan ere, herri txikietan biztanleria mantentzeko ezinbestekotzat jotzen dute oinarrizko zerbitzuak izatea, horien artean eskolak. Herriek bizirik jarraitzeko eskualdearen zerbitzura egongo den baldintza egokiko eskola izan nahi dute gurasoek. «Eskolarik gabeko herri bat hil egiten da. Eta gure seme-alabek beren eskualdeko ondarea eta bizimodua ezagutzea nahi dugu», gaineratu zuten gurasoek.
«Eremu misto» delakoan dago Abartzuza eta hor euskaraz ikasteko eskubidea ez dago bermatuta. D eredua eskatu dute aurten matrikulatu diren hiru urteko sei haurrek; alegia, eskaeren %100ek. Halere, Nafarroako Gobernuak ez du euskarazko lerrorik zabalduko, 1988ko dekretuaren arabera horretarako hamabost ikasle behar direlako.
«Herri txikietako eskolez ari garenean gauza bera diogu. Ezin dira hiriak eta landa-eremuak irizpide berberekin tratatu. Nafarroa oso anitza da demografikoki ere eta Lizarraldeko herri txikietan ezinezkoa da eskatzen den ratio hori betetzea», gaineratu zuten.

Los «gilipollas» del himno, el cabreo del PP y la derrota de la Guardia Civil

La Policía de EEUU detiene a decenas de veteranos del Ejército por denunciar la guerra de Irán

'Dounana', un grito contra la guerra y el expolio desde la diáspora

‘Freed from desire’tik ‘Txoria txori’ra, realzaleek amestu zuten gaua
