@gara_miantzi

Lapurditik Nafarroa Garaira sartu da Korrika

Goizeko bederatzi eta erdiak aldera Ainhoan sartu da Korrika. Haur, gazte zein heldu, elkarrekin abiatu dute Dantxarinearako bidea, ttipi-ttapa ttipi-ttapa animoz kargatuta. Haur batek hartu du kilometroa Lapurditik Nafarroa Garaira pasatzeko, justu eklipsearen unean, nahiz eta lainoagatik ez zen ikusten ahal.

Korrika Baztanen, Elizondorako bidean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Korrika Baztanen, Elizondorako bidean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Orain arte malda behera bazen, Nafarroako lehen kilometroa aldapa gora izan da. Euskahalduntzen doa jendetza lehenengo benten artetik eta gero Otsondo mendatetik, zuhaitzen pasillotik goiti, Elizondoraino.

Gauean, Maulen, omenaldi hunkigarria egin diote Hubert Catalogne iaz eritasun baten ondorioz zendutako AEK-ko irakasleari. Donapaleun, aldiz, joaldunek beren kilometroa egin dute ohi bezala suekin.

Baztanen eta Ultzaman

Baztanen eta Ultzaman barna, laino itxiaren erdian argia piztu du Korrikak. Toki batzuetan apenas ikusten zen zer heldu zen aitzinean eta horrek ezusteetarako aukera eman du. Adibidez, Xaretan, bat-batean aker baten antzeko mozorro bat, momorrotxoa agertu da bihurrikeriak egitera eta jendea zirikatzera. Elizondora bidean, Nafarroa Oinezeko batzordeak (aurten bertan izanen da ikastolen aldeko besta) eta suhiltzaileek hartu dute lekukoa, sirena eta ur eta guzti.

166. kilometroko lekukoa hiru belaunaldik eraman dute elkarrekin, amatxi, ama eta haurrek, Elizondoko Fantxike dendakoak. Egiako elkartekoak, zahar etxekoak, laborariak… hainbat jendek egin du laster Amaiurko gaztelua bistaratu arte. «Altxa eskuak!» egin dute oihu.

Kaleak kolorez eta herritarrez lepo egin dio harrera Elizondok Korrikari. Han zen, adibidez, Juanjo Altxa Baztango ikastolako irakaslea, aurten jubilatuko dena eta bere ikasle izandako guraso batekin lekukoa eraman duena. 5. eta 6. mailakoek ere eutsi diote ikurrina lepoan lotuta daraman lekukoari. Urtsa Errazti, Korrikaren sortzaileetakoa, ere han zen, Edurne Brouard joan den ediziora arte ekimenaren arduradun izandakoaren eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ondoan. Erraztik kontatu digu harrotasunez segitu dituela Korrika guztiak, lehendabiziko bostak arduradun bezala eta gainerakoak parte hartuz. Aurtengoa berezia da berarentzat sorrerako bilera hartan kide izan zuen Joseba Camporekin egin duelako beti lasterka eta oraingoan laguna falta duelako. Bere omenezko kilometroa korrituko du, Erromon.

Irurita, Ziga, Aniz, Berroeta… Lainopeko paraje ikusgarriak zeharkatuz egin du aitzinera martxak, eta berak ere argazki paregabeak utzi ditu: eskutik heldutako aitatxi-amatxiak, dena emanda gorri-gorri egindako lasterkariak harrotasunez eta gustura lasterketa uzten, gazte pila bat korrika intentzio guztiarekin… Hala, Iraizotzera ailegatu da arratsaldean Korrika. Lagun ugari zituen zain, hotza uxatzeko saltoka. Nafarroako hiribururantz hurbiltzen doa.