NAIZ
BILBO

Korrikak Bilbon ospatuko duen amaiera jaiko egitarau oparoa aurkeztu dute

Igandean amaituko du Korrikak aurtengo ibilbidea, 2.500 kilometro osatu ostean Bilboko Areatzan harrapatuko du muga eta ezagutuko da lekukoak daraman mezua. Gaur eman dute ezagutzera egun osoan zehar bizkaitar hiriburuan ospatuko den egitarau zabala.

Korrika jendez gainezka Irunen. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Korrika jendez gainezka Irunen. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

2.500 kilometro eta gero, Bilbon, Nabarra kalea igaro eta Areatzako zubia zeharkatuta Korrikaren 19. edizioak amaitutzat emango du bere ibilbidea. Areatzan bertan egun osoko egitaraua prestatu dute, eta gaur aurkeztu dute bizkaitar hiriburuko Kalderapeko kultur-gunean.

Sei gunetan bereizi dute igandeko jaia. Lehena, San Nikolasen izango da, eliza aurrealdean. Bertan, 12:30ean egingo zaio ongi etorria Euskal Herria ipar eta hego, ekialde eta mendebalde gurutzatu dituen lekukoari. Bertan musika ez da faltako arratsaldean zehar. Korrika Abesti Taldea, Kherau, ANje Duhalde eta Izerdi Gorriaren eskutik.

Areatzan, aldiz, kokatuko dituzte gune nagusia eta gazte gunea. Bertan, jan eta edateko nahi haina izateaz gain, kontzertuek hartuko dute presentzia. Xutik, Eskean Kristo, Betagarri eta Ze Esatek! taldeek dantzan jarriko dituzte bertaratutakoak.

Bestetik, Arriaga plazan, erraldoiak, dantza taldeak eta antzerkiaz gozatzeko aukera izanen da. Erripan berriz, txikienek, puzgarriak, magoa edota karaokea izango dute Korrikaren amaiera jaiaz gozatzeko.

Bostgarren gunea Bilbo Zaharrak hartuko du, musikaren baitan. Sutan, Elortegi Anaiak, Revolta Permanent eta DJ Elepuntoren eskutik. Azkenik Zazpikaletan kale animazioa ez da faltako.

Orain arte, euriaren gainetik jende ugari

Korrikaren arduradun den Asier Amondok, era berean, orain arte igarotako astearen balorazio bat egin du, lekukoaren atzetik korrika egitera batu den jende guztia goraipatuz. «Oso hasiera berezia izan zen, Urepele gainezka, eta hortik aurrera sekulako jendetza ikusi dugu herri guztietan», adierazi du.

Zentzu honetan, eguraldiak lagundu ez duen arren, parte hartu duen jende kopuru handia azpimarratu du. «Negu gordinaren hondar astindua pairatzen ari garen arren, inoizko Korrikarik indartsuena eta jendetsuenaren aurrean gaudela esan dezaket».