@gara_miantzi

Pirinioetan goiti eta beheiti, giro onean euskaraz disfrutatuz

Bere bederatzigarren egunean, konturatu orduko jada azken txanpan sartuta, Nafarroako Pirinioetan goiti eta beheiti ibili da Korrika euskararekiko maitasuna transmititu eta jasotzen. Bezperan, Tafallan, jendetzak egin zion ongietorria.

Korrika Gareseko zubia igarotzen. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Korrika Gareseko zubia igarotzen. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Lasterketa iritsi baino aunitzez ere lehenago, jendea kalean zebilen, ibilbidea nondik zen begiratzen, ikusteko puntu estrategikoak bilatzen, nondik nora laster egin erabakitzen, beroketak egiten, urduritasuna askatzen... Eta heldu denean, mundiala izan da herria alderik alde zeharkatzea. Bazirudien Alde Zaharreko harrizko etxe ederretako hormek ere «Tafallan ere euskararen alde!» oihukatzen zutela.

Tafallatik Pirinioetarako bidea hartu, eta ibilbideko herririk altuenean argitu du Korrikaren egunak, Abaurregainan hain zuzen. Eguzkipean testigua harro altxatuz eta kirol pixka bat eginez, lasai eta beti bezala emozioz kargatuta segitu du martxak malden aitzinean kikildu gabe. Aurizberri, Arrieta, Urdiroz, Nagore, Lakabe, Lusarreta... Herri ttiki pila bati egin dio euskararekin kili-kili. Korrikaren gibeletik dabiltzan Emilio eta Javier inguru honetako DYAko bolondresek ohartarazi duten bezala, hagitz jende gutti bizi da eta kasu aunitzetan ia-ia herri osoa atera da AEKrekin bat egitera.

Agoitz handiagoa da eta bertan mugimendu handia sortu du Korrikak. Mariasun familiarekin eta lagunekin dago espaloian zain, kontent herri barrenetik igarotzea lortu dutelako, hasieran kanpotik pasa behar baitzuen. Berak ulertzen du euskara, baina ez da mintzatzen; hiru seme-alaba ditu eta bi gazteenak ikastolan ibiliak dira eta euskaraz egiten dute. Zaharrena justu ikastolak sortzen ari zirenean hasi zen eskolan.

Agoitz, ederra

Euskal Herrian Euskaraz-eko Joseba oraindik hiru urte bete ez dituzten umeak zaintzen ari da. Haur eskolako hezitzailea Korrika prestatzen aritu da ttikiekin. «Egurrezko lekuko txikiak egin ditugu, eurek margotuak. Gaur ez ditugu aterako eskutik helduta joanen garelako. Petoak ere margotu dituzte... Oso pozik daude», adierazi dio GARAri. Berak eraman du lekukoa haurrei eskutik helduta, hamaika herritarren artean. Ederra izan da. Gauerako, Euskahaldun afaria antolatu du EHEk Agoizko euskaldunak lanetik eta klasetik kanpo biltzeko eta giro onean euskaraz disfrutatzeko.

Agoitzetik Ekaira segitu du, handik Urrotzera, gero Tebasera... Bi pilotari ezagunek parte hartu dute, euskara ikasten arituak biak, Peio Martinez de Eulatek Nafarroako lan taldean, berak erran duen bezala «foruzaingoak egiten ez duen lana egiten», bidegurutzeak zaintzen..., eta Patxi Eugik lasterka. Batek baino gehiagok kontent atera ditu argazkiak beraiekin.

Gauean, bertzeak bertze, Lizarra bisitatu eta bihar Gasteizera ailegatuko da Korrika.