Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
OINATZ BENGOETXEA
ASEGARCE-KO AURRELARIA

«Orain dela hamar urte baino askoz aurpegi gutxiago daukat»

Ezbairik gabe, txapelketako aurrelaririk onena izan da, eta berak ere onartu du zenbaitetan bere kirol ibilbideko Binakakorik onena jokatzen ari dela. Duela hamar urte jokatu zuen leitzarrak, Ruben Belokirekin, lehiaketa honetako bere lehen eta final bakarra. Dena biribiltzeko, txapela nahiko luke 30 urteko pilotariak, baina tituluak ez omen dio lorik kentzen, badaki lan bikaina egin duela.

Konfiantzaz lepo dabil azkenaldian eta aurpegian ere nabari zaio irribarrea. Kantxan bezala, bizkor aritu da galderak erantzuten.

Zazpi urte pasatu dira azkeneko txapeletik?

Bueno, irabazteko gogoa beti dago, baina arazoa da oso garesti egoten direla txapelak. Gogoa badut txapela irabazteko, baina ez dit ezta ere lorik kentzen. Irabazten badugu ondo eta bestela ere bai.

Aimar eta Juan izeneko bi horiek garestitu dituzte?

Bai, azken urteetan oso garesti egon dira bi horiekin, maila ikaragarrizko pilotariak dira, eta beraiekin finalean sartzea oso zaila izan da eta irabaztea are eta gehiago. Oraingoan bi horiek ez daude, baina beste pilotari asko daude goi mailakoak eta edozeinen aurka ere, gogorra izaten da txapeldun izatea.

Aurten biak makal aritu dira eta aukerak zabaldu dira, presio berezirik sortzen du horrek?

Ez, nik ez dut horrela ikusten. Egia da eurak ez daudela eta beste guztientzat hobe dela ez egotea, baina presiorik ez. Nik lasai hartzen dut gauza, ikusten dut aukera bat bezala txapeldun izateko eta garrantzitsuena da gauzak ahalik eta hobekien egitea.

Garai bateko Bugno edo Chiapucci sentitu zara inoiz, Indurain menderatu ezin?

Ez, ez, txapelketaz txapelketa joaten gara azkenean eta badakigu aurkariek maila ikaragarria daukatela eta garrantzitsuena zuk ondo jokatzea da, barruan daukazuna ematea eta horrekin gustura geratzea. Horrela, batzuetan irabazten da eta besteetan galdu egiten da. Ni horrek asko betetzen nau.

Urte zail batetik zatoz, lesioa, udako torneoetatik kanpo...

Bai, lesio gogorra izan nuen, baina gauzak ondo irten ziren. Hankarekin oso pozik nago, udan pixka bat kosta zitzaidan joko hori hartzea, baina Lau eta Erdian maila ona eman nuen, finaletik bertan geratu nintzen eta niretzat oso garrantzitsua izan zen. Oso lehiaketa gogorra da eta ikusi nuen hankak erantzuten zuela. Gero binakakora lasai atera gara hasieratik, gauza ahalik eta hobekien egitera eta gauzak ondo irten dira.

Udako torneoetan lekurik ez zenuela ikustean, zer pentsatu zenuen?

Gogorra izan zen, gazte batzuei aukerak eman zizkieten eta bueno, azkenean denok merezi ditugu aukerak, hori ez zait gaizki iruditzen. Ni joko askorik gabe nintzen eta demostratu egin behar izan nuen berriro ere jokoarekin nengoela. Ez zait gaizki iruditzen enpresaren partetik gazteei aukerak ematea, denok daukagu horretarako eskubidea eta pentsatzen dut lanaren poderioz jokoa berreskuratu nuela eta gero aukerak ematen hasi ziren berriz.

Binakako lehen final hartatik hamar urte pasatu dira...

Denbora asko pasatu da eta nahikoa aldatu gara. 20 urtetik 30era pertsona asko aldatzen da, kirolari bezala ere uste dut asko aldatu naizela eta oso oroitzapen ona daukat lehendabiziko txapelketa hartakoa. Rubenekin izan zen, oso lagun handia, finalera heldu ginen eta ez genuen irabazterik izan. Hamar urteren ondoren, zenbaki politak dira, ilusio berezia egiten du berriz ere finalean egoteak eta ondo egongo litzateke irabaztea.

Zer oroitzen duzu final hartaz? Urduritasun handia egoten omen da lehen final horretan...

Ez. 20 urterekin nik aurpegi dezente neukan, nahiko ausarta nintzen. Orain baino jeta gehiago baneukan bai, askoz gehiago. 20 urterekin urduri egongo nintzen baina ez dut pentsatzen oso nerbioso egongo nintzenik, azken batean, presiorik ere ez neukan, 20 urte nituen. Eta orain ere ez, ez dut neure burua presionatzen, badakidalako txapelketa ona egin dudala eta partida batera, edozeinek irabazi ahal du, garrantzitsuena lan ona egitea da.

Jokoan ere izango zen garapenik?

Nik uste dut orain konpletoagoa edo naizela, ez? Orain airez gehiago sartzen naiz, lehen nik uste botera gehiago jokatzen nuela, pilota aldatu den bezala. Orain beharrezkoa da, garapen bat eman da eta aurrelari gehienak asko sartzen gara airez, eskuinez nahiz ezkerrez, errekurtso gehiago garatu ditudala iruditzen zait.

Lehen gehiago kontraerasora?

Bai, baina nik beti jokatu dut erasora ere bai. Kontraerasora bai, baina pilota ona izan dudanean beti jokatu izan dut erasora. Lehen, 20 urterekin, gehiago jokatzen nuen botera, gehiago landu, eman ere gehiago egiten nion atzera, botera gehiago jarri.. eta airez ez neukan oraingo konfiantzarik.

Zer falta izan zaizu final gehiagotara heltzeko?

Agian erregulartasun pixka bat. Partida onak asko egin izan ditudala pentsatzen dut, bikote onak izan ditut txapelketan, baina erregulartasun askorik ez dut izan. Gehienbat, nik uste dut mentalki oso txapelketa gogorra eta luzea egin izan zaidala beti eta aurten mentalki ondo eraman dut eta ez zait luzea egin eta horrek ere zerikusirik izan dezake.

Pilota gosea ere izan daiteke? Zubietarekin komentatzen genuen nola lesiotik irtendako pilotariak oso ondo ari diren...

Izan daiteke. Azkenean, urte guztian zehar txapelketako partida guztiak borrokatu behar dira astero-astero eta, txapelketa guztiak jokatzen dituenarentzat, gogorra egiten da pixka bat. Bat bukatu hurrengoa hasi, bat bukatu hurrengoa hasi... Urtean zehar hori buruarentzat gogorra egiten da eta izan daiteke arrazoi bat, mentalki geldi egoteak on egin didala.

 

«Andoni oso tipo elegante eta jatorra da eta erabaki horrekin erakutsi du»

Binakako txapelketan, bikotekideen artean harreman bereziak sortu ohi izan dira beti. Oinatz Bengoetxeak eta Andoni Aretxabaletak bikote alai eta gustagarria sortu zuten hasieratik, baina markinarraren eskuko arazoek eten zuten harremana. Gutxitan ikusten den keinu batean, bizkaitarrak bera baino askoz hobeto dagoen Untoriari utzi zion bere lekua, Bengoetxeak zinez eskertzen dion erabakia.

Orain dena da oso polita, baina txapelketa zaila izan da zuentzat. Andoni eskuetatik gaizki denbora asko, txapelketari uko egin, nola bizi izan duzue hori dena?

Andonirekin ondo hasi ginen, jokatutako lehen partidetako batzuk irabazi genituen eta besteak galdu, baina ondo jokatu genuen. Laugarren edo bosgarren jardunaldian hasi zen eskuko arazoekin eta gero hasi ziren aldaketak, Alvarorekin bikote sendoa osatu arte.

Andonik, arazo askorekin, ezin izan du txapelketa amaitu eta berak erabaki zuen, gehienbat Alvarok egin duen lanarengatik, eta bera ere oso tipo elegantea delako, bere lekua Alvarori uztea. Oso keinu elegantea da, Andoni tipo oso jatorra da eta hor erakutsi du.

Txortena bada ere, txapelaren pusketa bat berea izango litzateke?

Bai, berak zerikusirik izango du.

Untoria ere bikain aritu da?

Bai, bikain aprobetxatu du heldu zaion aukera. Azkenean, horixe da pilotaren eta kirolaren sekretua, aukerak ondo aprobetxatzea.J.O.