NAIZ
DONOSTIA

Maiatzaren 26an erabakiko da Zestoako TS Fundiciones nork erosiko duen

LAB sindikatuak aurreratu du prentsa ohar baten bidez: maiatzaren 26an erabakiko da nork erosiko duen TS Fundiciones-en Arroako planta. Sindikatuak gaineratu du «albiste ezin hobea» dela Zestoarentzat eta Urola Kostarentzat.

Itxialdia egin zuten TS Fundiciones-eko langileek enpresaren itxiera salatzeko. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Itxialdia egin zuten TS Fundiciones-eko langileek enpresaren itxiera salatzeko. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

«Hilabeteetan itxaroten egon ondoren» TS Fundiciones enpresako langileek aldarrikatu dutena gauzatzeko data jarri du Donostiako Lan Arloko epaileak: maiatzaren 26a, LABek prentsa ohar baten bidez adierazi duenez.

Izan ere egun horretan, 13.00etan, aurkeztu beharko dute euren azken eskaintza Arroako planta erosteko borondatea adierazi duten Euskapital Partners eta Gonvarri Renewable Industries enpresek.

Sindikatuak gogoratu du bien proiektu industrialak aurreikusten duela 120 langiletik gora kontratatzeko aukera, baita TS Fundiciones-en itxierarekin kalean geratu ziren langileak kontratatzekoa ere. Zentzu horretan, albiste «ezin hobea» da Zestoarentzat eta Urola Kostarentzat LABen arabera.

«Oztopoak oztopo, langileek egindako mobilizazio ezberdinak, alor juridikoan egin dugun lanak eta Zestoako herriaren eta Urola Kostako bailararen elkartasunak egin du hau guztia posible», azpimarratu du sindikatuak.