Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
JON ERRASTI
EIBARKO JOKALARIA

«Abentura honek merezi duen amaiera idaztea gure eskuetan dago»

Eibarko jokalaria eta jokalari eibartarra, Gaizka Garitanok denboraldiko azken txanpa honi ekiteko eskatu duen bihotz horren taupaden erritmora mugitzen da Jon Errasti. Bi igoeretan ardura nabarmena izan duen arren, hau protagonista anitzeko istorioa delakoan dago. «Herria, zaleak, taldea, kluba... denon ametsa bizitzen ari gara eta denon artean luzatuko dugu».

Istorioz beteta dago 75 urteko historia. Amodioa, umorea, suspensea... Genero guztiek dute lekua. Baita fantastikoa ere, «ezina ekinez egina» leloa bereganatu duen taldeak amets sinestezinenak errealismoan sartzea lortu duen arren. Azken kapitulu hori da, hain zuzen ere, amaitzear dagoena eta Jon Errastik Eibar istorioak merezi duen klimaxera eramateko gai izango dela espero du.

Azken-aurreko atalean lortutako puntua gustura hartu duzue. Ez dakit, ordea, azkena idazten hasiz gero, ontzat ematen jarraitzen duzuen.

Bai. Bolada txarra moztu genuen eta hori oso garrantzitsua zen. Are gehiago, bizirik mantentzen gaitu; izan ere, eta nahiz eta beste talde bat edo baten porrota behar dugun, mantentzea gure eskuetan dago. Oso emaitza arraroak egon beharko lirateke helburuak ihes egiteko. Erantzukizuna geurea da.

Egia da galtzeko arriskua zegoela, eta mantentzeko aukerak dezente gutxitzekoa. Baina Getafen bigarren zatia nola hasi zen ikusita eta garaipenak eskaintzen zuena jakinda, ez zarete damutu azken minutuetan atzera egindako urrats txikiaz?

Ez, arriskua larregizkoa zen. Galduz gero, ia mirari bat beharko genuke azken jardunaldian. Ondo sentitu ginen, aurrera jo genuen eta saiatu ginen bigarren gola sartzen. Baina tentsio handiko partida zen, gauza asko zegoen jokoan. Gaur, pasatu denean eta kanpotik ikusita, errazago ikusten da dena, baina bertan erabakiak hartu behar dira, bero-beroan eta egoera osoa aztertuta, tentsioa, nekea, arriskuak, gainontzeko emaitzak... Berdinketarekin ondo geundela ikusi genuen eta ez nuke esango irabazteko aukerari uko egin genionik, baina bai arriskurik ez hartzea erabaki genuela.

Puntua ez zen lorpen bakarra izan. Partidari buelta emateko gai izateak, taldea zer nolako egoeran zegoen ikusita, meritu handia dauka.

Eta hori oso ondo etorri zaigu. Horrelako kolpea jaso, taldea hain behartuta egonda, eta aurrera egin, berdindu eta hainbat minututan ondo jokatu... Puntuaz gain, sentsazio onak ekarri genituen eta oso inportanteak izango dira larunbatera begira.

Getaferen gola kolpe benetan gogorra izan zen. Bi minutuz matematikoki Bigarren Mailan egon zineten. Ez dakit kontziente izan zineten.

Une horretan ez, zorionez, baina argi genuen jaitsiera erabatekoa izan zitekeela horrela amaituz gero. Gero, bigarren zatian, bai, gainerako emaitzak kontuan hartzen hasi eta horrela ikusi genuen puntua ondo zegoela.

Eta denboraldi hasieran zenuten helburua eskura jarri dizue, urtean zehar baikorrago izateko aukera egon den arren: bizirik heldu da taldea azken jardunaldira.

Bizirik eta sentsazio hauekin, aurreko astekoak baino askoz hobeak. Egia da lehen itzulian gertatu zenak denboraldi amaiera lasaiagoa izango genuela pentsarazten zuela, baina futbolean horrelako gauzak gertatzen dira. Bigarren itzulia txarra izan da eta dena azken final honetan jokatuko dugu.

Orain dela hiru hilabete zenuten abantaila aintzat hartuta, aukera gehiegi pasatzen utzi dituzuensentsazioa duzue?

Hainbat partida gogoratu eta puntu gehiago izan genitzakeela pentsatzen duzu. Baina horrek ez dauka bueltarik. Eta gainera ez dut uste horretan pentsatzeko unea denik. Gertatutakoa gertatu da, ona eta txarra, eta ezin da aldatu. Orain final bat daukagu eta horretan kontzentratu behar dugu. 2.B mailan hasi zen abentura honek merezi duen amaiera idaztea gure eskuetan dago.

Matematiken arabera, Kordoba gaindituz, amaiera ederra idazteko aukera handiak dituzue. Baina bihotzak, sentsazioek, zer diote?

Nik taldean sinesmena dut. Ez bakarrik taldean. Zelako talde, zelako zaleak, zelako herria, zeintzuk gara, nolakoak gara... Edozeinek sinistu beharko luke gugan. Are gehiago, Getafen berdindu ondoren. Espanyolen kontrako neurketak oso sentsazio txarrak utzi zituen, baina igandean taldeak nola jokatu zuen, nola erreakzionatu zuen, aste honetan nola hasi den entrenatzen... ikusita, ez daukat inolako zalantzarik. Ziur nago Bartzelonak eta Atleticok eginbeharrekoak egingo dituztela eta are ziurrago nago guk geurea egingo dugula.

Bete beharreko baldintza. Topikoari jarraituz, larunbatean irabazi ala hil, ezta?

Hori da. Finala gurea da, gure Championsa. Eta horrela hartu behar dugu, azken bi urte hauetan bizi izan ditugunak bezala, saria eta zailtasuna haiena bezain handiak baitira, motibazio berbera, ilusio berbera, gose berberarekin... Eta denok batera. Eibartarrak ematen ari zaizkiguna izugarria da eta larunbatean berriz emango digutela badakit. Herria, zaleak, taldea... denon ametsa bizitzen ari gara eta denon artean luzatuko dugu.