Jon Ormazabal

Zuzentasunak Buruz Buruko bederatzigarren finalerako bidea erakutsi dio Olaizola II.ari (15-22)

Goizuetakoak, erasoan huts gehiegi egin dituen Juan Martinez de Irujok baino hobeto egin du berea eta Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du, printzipioz, ekainaren 14an. Egungo txapelduna ez da eroso egon kantxan, azkarregi amaitu nahi izan du tantoa sarriegi eta errematean huts gehiegi batu ditu.

Aimar Olaizolak eta Oinatz Bengoetxeak jokatuko dute aurtengo Buruz Buruko finala, euren artean jokatutako lehena izango da, Goizuetakoak Juan Martinez de Irujori 15-22 irabazi ostean. Biak, bai Aspekoa eta Asegarcekoa, gehiago jokatzeko gai dira, baina ezintasunen aurrean, Aimar Olaizolak berea hobeto egiten jakin du eta horrek eman dio garaipena.

Espero baina maila bajuagoko partida izan da Ogetakoa, bien artean 17 huts egin dituzte, eta alor horretan zuzenago aritzeak asko erraztu dio bidea Olaizola II.ari. Hasiera hasieratik hartu du aurrea goizuetakoak, sakea paretara ondo arrimatuz eta sotamanoarekin erritmo bizia sartuz, 7-3 aurreratu da kantxan lekua hartu ezinda ibili den Irujoren aurrean. Itxuran kantxan ondo moldatu bada ere, hanko minak eraginda edo, tantoa azkarregi amaitzen saiatu da Iberokoa eta ez du asmatu.

Dena dela, botez Aimar Olaizola ez da aurrekoetan bezain fresko aritu eta pixkanaka Aspekoa partida orekatuz joan da, partida berdindu arte (7-7). Hala ere, sakez egindako pasa batek –Aimarrek ere egin du berea lehenago– jokoaren ekimena itzuli dio Asegaecekoari eta beste zulo bat ireki du (8-15). Ez du amore eman Irujok eta berriz ere gerturatu da (13-16), baina sekula ez du aurkariaren aurretik jartzen asmatu eta txapela defendatzeko aukera galdu du, partida guztian zehar serio aritu den Olaizola II.aren aurka.