Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
MIKEL URRUTIKOETXEA
ASEGARCEKO PILOTARIA

«Kantxan ere ikusten da disfrutatzen ari naizela, hori da garrantzitsuena»

Modua ez da onena izan, baina Zaratamoko aurrelariak bere aspaldiko ametsa beteko du, Aimar Olaizolaren aurka buruz buruko final bat jokatzea, non eta Bilbon. Dena arrapaladan heldu zaio, baina oso argi dauka bere esku dagoen bakarra ahalik eta hobekien prestatu eta igandean partida on bat jokatzea dela. Finalerdietan baino lasaiago kantxaratu beharko du horretarako; ez du erraza izango.

Egoera zaila kudeatu behar izan du Mikel Urrutikoetxea aurrelari bizkaitarrak eta momentuz lasai dagoela ematen du. Atzo entrenatzen ikusi zuten Asegarceko hainbat pilotarik, eta, nabarmendu zutenez, igandean atzo emandako maila errepikatzeko gai bada, txapela janzteko aukerak izango ditu.

Azken entrenamendua osatu duzu jada. Nola joan da?

Oso ondo, Unai Lasorekin oso gustura aritu naiz, ordubeteko entrenamendua egin dugu eta sentsazioak oso onak izan dira. Gero partida beste mundu bat izaten da, baina, oraingoz, ondo. Gaztea izanagatik, Unai txispa handiko pilotaria da, buruz buru asko jokatzen du eta etorkizun handia dauka.

Nola daramazu finala horrela jokatu beharra?

Errebotez heldu da, ez da gustukoa horrela sartzea final batean, kide baten lesio bategatik. Hemendik animo asko bidaltzen dizkiot Oinatzi, bere lekuan jarrita edozein kirolariri pena handia emango bailioke final bat horrela galtzea. Onena opa diot, ea azkar sendatzen den eta azkar ikusten dugun kantxan.

Kudeatzeko egoera zaila dirudi...

Bai, hala da, ez da gustagarria, baina kirolak buelta asko ematen ditu eta lesioak hala suertatzen dira. Ni saiatuko naiz igandean ahalik eta partidarik onena egiten; ea biok partida ona eskaintzen dugun eta hurreratzen den jendea gustura geratzen den ikusitako partidarekin. Mentalizatuta nago; aukera polita da final bat jokatzea eta txapela lortzeko aukerak hor daude. Biak hutsetik hasten gara eta irabazteko 22ra heldu beharko dugu biok.

Finala debaluatuta geratu dela entzuten duzunean, zer datorkizu burura?

Saiatzen naiz gauza horiei ez erreparatzen, azken finean ni nirean zentratuta nago. Niri tokatu zait eta nire lana pilotan jokatzea da, frontoira ahalik eta hobekien irteten saiatzea; batzuetan ondo irteten da, beste batzuetan ez hain ondo. Besteari ez diot buelta gehiegirik ematen, ez delako nire kontua.

Ondo prestatu eta ahalik eta ondoen jokatzea dagokizu, beraz...

Hori da, hau suertatu da, hirugarren bezala enpresak esan zidan niri dagokidala jokatzea arautegiak hala dioelako eta nik ahalik eta hobekien prestatuko dut finala. Egia esan, ez da denbora asko pasa finalerdia jokatu genuenetik eta geroztik entrenamendu batzuk ere egin ditut buruz buru, badaezpada prest egoteko esan zidatelako. Gaur [atzo] ere oso ondo sentitu naiz.

Egia da Zumaiako egonaldian-eta nahikoa ahaztu nuela finalerako aukera, Oinatzek ondo zegoela esaten zidalako; itxaropen handia zeukan jokatzeko. Baina pasa den ostiralean abisatu zidaten nik jokatuko nuela eta larunbatean bertan entrenatu eta sentsazioak onak izan ziren.

Ez da modurik ohikoenean iritsi, baina aukera polita da, txikitako ametsa beteko duzu...

Bai, hala da, ez da gustukoa horrela sartzea, finalerdia galdu egin nuelako. Ez nuen partida ona jokatu, hasieratik sufritu egin nuen eta igandean espero dut gutxienez hasieratik solte eta disfrutatzera irtetea.

Ilusio handiak zenituen jarriak baina Labriten ez genuen Mikel Urrutikoetxearik onena ikusi, zer gertatu zen?

Lotuta irten nintzen, ilusio handia neukan jarrita eta nire burua agian lar presionatu nuen. Hasieratik indargabe aurkitu nintzen, hanketan indarrik gabe, fisikoki gaizki; presioagatik edo ez dakit zergatik, ez nuen nire maila ematerik lortu. Gainera, erabaki txarrak hartu nituen; bat nekatuta dagoenean erabaki txar asko hartzen ditu, eta pena handiarekin joan nintzen Labritetik, batez ere irudi txarra eman nuelako.

Iruñean ikusi genuena baino askoz gehiago jokatzen duzula erakustea izan daiteke helburu polit bat iganderako...

Hala da, pena eman zidan, batez ere entrenamenduetan nahikoa gustura aurkitzen nintzelako eta banekielako entrenamenduetan ematen nuena partidan ematen banuen maila polita emango nuela. Final laurdenak nahiko erraz irabazi eta ondo ikusten nuen nire burua kantxan, fisikoki ere ondo, baina, bueno, egun txar bat izan nuen finalerdian, ez nuen nire maila ematerik lortu eta horrelakoak askotan gertatzen dira. Azkenean, bai pilotan bai beste kiroletan partida onak eta txarrak izaten dira; ea igandekoa partida ona den nire partetik ere.

Azken urrats hori falta izan bazaizu ere, etengabeko garapena sumatzen zaizu. Lehendabizi arlo fisikoan etorri zen aldaketa, 11 kilo hartu baitzenituen, eta, gero, jokatzeko eran ere desberdin ikusten zaitugu, hala da?

Bai, azken bi urteetan nik uste dut erabaki on asko hartzen hasi naizela; kantxan ere ikusten da disfrutatzen ari naizela eta hori da garrantzitsuena. Bikoteka nahiko eboluzionatu dugu, aireko jokoan asko hobetu dugu, airera gehiago sartzen naiz. Ea horrela jarraitzeko aukera dugun eta hurrengo urteetan azken bi urte hauetako eboluzioan jarraitzen dugun.

Aldaketa horretan zer kostatu zaizu gehiago, airez sartzeko posturak ikastea edo zure burua horrela jokatzeko konbentzitzea?

Biak. Azkenean buruak buelta asko ematen ditu eta asko laguntzen du burua ondo izateak, baina lan asko egin behar da. Guk lan asko egin dugu aireko joko hori hobetzeko, eta hemen beste sekreturik ez dago; lan asko eginez gero, konfiantza hartzen da.

Gainera, nahikoa argi dago ez dagoela beste erremediorik. Olaizolaren eta Irujoren arteko finalerdia ikustea besterik ez dago, pilotari apenas utzi zioten boterik ematen...

Argi dago, egun buruz buru jokatzeko modua guztiz aldatu da eta horretara moldatu behar duzu; bestela ez dago zereginik. Azkenean, botea ematen utziz gero, askoz gehiago nekatzen zara eta erritmo horri eustea ezinezkoa da. Egungo jokora moldatzen ez denak zaila dauka goiko mailan ezer egitea.

Aimar bera da garapen horretako eredurik garbiena? Lehen botera irabazten zituen txapelak eta orain airera beste inork baino gehiago jokatzen du.

Hala da, Aimarrek, bai botera bai airera, orain dabilen bezala, ahalmen izugarria dauka buruz buru, lau eta erdian edo binaka jokatzeko, eta bere palmaresa ikustea besterik ez dago ikusteko zenbait final dituen jokatuta buruz buru. Irujo irten zenean berak ekarri zuen joko berri hau eta Aimar bikain moldatu da; eta oso ondo egiten du.

Betidanik izan duzu ispilu eta erreferente Goizuetakoa...

Txikitako idoloa zen, gainera, gogoratzen naiz orain urte eta erdi edo, Guggenheimen telebistarako egindako erreportaje batean paper batean idatzi nuela nire ametsa Aimarren kontra buruz buruko finala jokatzea zela, eta egia bihurtu da. Papera oraindik hor daukat, poltsan. Niretzat dagoen pilotaririk handiena da, beti izan da horrela eta orain ere hala ikusten dut.

Bera izan da zugan konfiantzarik gehien izan duenetako bat, aspalditik deitzen dizu buruz burukoak prestatzeko eta esana zuen finalen bat jokatu eta txapelen bat lortuko zenuela...

Eskertzekoa dira hitz horiek Aimarrengandik entzutea. Txapeldun handia da eta horrelako gauzak esaten dituena halako pilotari handi bat bada, poztasuna ematen dizu, badakizulako pilotari onek pilotaz ulertzen dutela. Badakit beste batzuek ez dutela hala pentsatuko, baina, azkenean, denen gustukoa izatea oso zaila ez, ezinezkoa da.

Asko ikasten da berarekin entrenatzen?

Pilota asko gustatzen zaio eta asko laguntzen dizu. Beregan erreparatuta asko ikasten duzu, nola kokatzen den kantxan, zer pausu ematen dituen, nola mugitzen den… Berarengandik gauza asko ikas daitezke.

Entrenamendu batzuetan irabazten omen diozu...

Entrenamenduetan gertatzen dena gauza bat da eta gero zuriz jantzita gertatzen dena beste bat. Buruz buru behin baino ez dugu elkarren aurka jokatu, berak irabazi zidan orain bi urteko finalerdia eta partida bakoitza mundu bat da.

Olaizolak esan du Oinatz baino arriskutsuagoa zarela berarentzat zure joko moldeagatik...

Hori berak esan behar du; berak jakingo du zein den bere jokatzeko era.

Zer dira, finalaren aurrean esaten diren hitz taktikoak?

Ez dakit, nik gauza horiei ez diet kasu handirik egiten, bere gauza da. Berak jakingo du, aurkari batzuk besteak baino hobeto joaten zaizkizu, baina ez dakit hori izango den bere kasua.