Jon Ormazabal
BILBO

Antzeko pilotak aukeratu dituzte Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak

Azken egunetako ekaitzen ostean, material aukeraketak nolabaiteko barealdia ekarri du Buruz Buruko Txapelketaren final atarira. Pilotariek ez dute inolako kexarik izan saskian aurkitutakoarekin. Pisuari dagokionean, Aimar Olaizolak 105,4 eta 105,2 gramokoak aukeratu ditu eta Mikel Urrutikoetxeak, berriz, 105,4 eta 104,7 gramokoak.

Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea, aukeratutako materialarekin. (ARGAZKI PRESS)
Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea, aukeratutako materialarekin. (ARGAZKI PRESS)

Azken egunetako ekaitzen ostean, material aukeraketak nolabaiteko barealdia ekarri du Buruz Buruko final atarira. Bizkaia pilotalekuan giroa nahiko hotza izan da, jende gutxi eta ia inor ez sarrerak jasotzen eta pilotariek ere ez dute inolako kexarik izan saskian aurkitutakoarekin. Pisuari dagokionean, Aimar Olaizolak 105,4 eta 105,2 gramokoak aukeratu ditu eta Mikel Urrutikoetxeak, berriz, 105,4 eta 104,7 gramokoak.

Goizuetakoak esandakoaren arabera, «inolako arazorik ez dut izan, asko kostatu zait erabakitzea, baina hiru edo lau nituelako gustuko eta bi aukeratu behar zirelako».

Antzera mintzatu da ere Mikel Urrutikoetxea, izan ere, «nire ustez pilota guztiak nahiko politak dira, bereak eta nireak oso antzekoak. Politak iruditu zaizkit, eskuan ondo sartzen direnak, lurrean ibiltzen direnak eta frontisetik ere ondo irteten direnak», azaldu du Zaratamokoak.

Partidaren aurretik, dirua nabarmen izango da Goizuetakoaren alde; Arrarte Aspeko artekariak esandakoaren arabera «40/100 kantatuko dugu, baina ez dago beheko dirurik».

Hala ere, Aimar Olaizolak ez du uste berak Mikel Urrutikoetxeak baino presio gehiago duenik: «Biok dugu txapela bat jokoan». Are gehiago, finalaren aurretik biak lo gutxi eginda etorriko dela aurreratu du nafarrak.

Dena den, Urrutikoetxeak lasai antzean dagoela nabarmendu du behin eta berriz. «Nahiko ondo daramat, aste hau beste edozein bezala eramaten ari naiz. Denok ez gara berdinak eta ni nahiko ondo eramaten ari naiz», azaldu du Bengoetxearen aurkako finalerdietan oso lotuta irten zela onartu duen pilotariak. Momentuz, ez du Aimar Olaizolari aurka egiteko modurik egokiena zein den pentsatu.

Akordioa

Bestalde, ETB eta Bainet-ek lortu dute pilota partiden emanaldiak bermatuko dituen akordioa eta asteburuetan hiru partida ikusi ahal izango dira telebistaz.