@aagirrezabal

Van Avermaetek bere etapa lortu du Rodezeko paretan

Greg Van Avermaet flandriarrak Tourreko 13. etapa bereganatu du, Rodezeko paretan indartsuena izan eta gero. Peter Sagan bigarren izan da, berriz ere. Sailkapen nagusian ez da alderik izan eta Chris Froomek jarraitzen du lidertzan. (Hemen sailkapenak).

Greg Van Avermaet izan da indartsuen Rodezen. (Eric FEFERBERG / AFP)
Greg Van Avermaet izan da indartsuen Rodezen. (Eric FEFERBERG / AFP)

Rodezeko paretan Van Avermaet izan da indartsuen. Amaiera ikusgarria eskaini dute BMC taldeko txirrindulari flandriarrak eta Peter Saganek, baina Tinkoff-Saxo taldekoak, bere patuari jarraiki, bigarren egin du berriz ere. Van Avermaet ere ohikoa da helmugan bigarren lekuan sailkatzen, baina gaurkoan garaipen handia lortu du. Postu on asko zituen Tourrean, baina gaurkoan altxa ditu bi besoak lehen aldiz.

Ihesaldia eta gizon azkarren arteko lehiarako ibilbide aproposa zen gaurkoa, eta hala suertatu da. Ihesaldian gizon indartsuak sartu dira, eta helmugarako 500 metro falta zirenean gainditu dituzte. Lehen kilometroetatik nabarmendu dira Wilco Kelderman, Cyril Gautier, Thomas de Gendt, Alexandre Geniez, Nathan Haas eta Pierre-Luc Perichon. Amaierarako 14 kilometro falta zirela, ordea, taldea hautsi egin da eta De Gendt, Kelderman eta Gautierrek egin dute aurrera.

Borroka estua izan dute tropel nagusiarekin baina azken kilometroan sartuta atzetik aurrera zetozen txirrindulariek gainditu dituzte. Urrutitik egin du erasoa Van Avermaetek eta bazirudien Saganek gurpila ongi hartuta ziola. Eta hala zen, baina ez da azken metroetan flandriarra gainditzeko gai izan. Jan Bakelants izan da hirugarren.

Faboritoak elkarrekin helmugaratu dira eta sailkapen nagusian ez da alderik izan. Biharko indarrak gorde dituzte, antza. Bihar ibilbidean hainbat mendatetxo aurkituko dituzte, ihesaldirako aproposak. Hala ere, helmuga Menden dute, 1,5 kilometro lehenago Croix Neuve gaindituta (3 kilometro, 10,1% penditza). Beraz, azken kilometroean indartsuenen mugimenduak izango dira.