Jose Angel ORIA

Eskoletako garbitasuna, ebolari aurre egiteko bitartekorik onena

Ginean, Sierra Leonan eta Liberian ebolari aurre egiteko eskolatan ezarritako higiene-arauek lortu dute izurritea zentroetan ez hedatzea, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera. Milioika ume eskolarik gabe egon dira makina bat hilabete.

Ebolak ikaragarri kaltetu du Afrikako mendebaldeko herriak: 11.000 pertsona hiltzeaz gain, beste asko zauritu ditu Ginea, Sierra Leona eta Liberian, ekonomia ere kaltetu du eta Unicef erakundeko adituek bere garaian nabarmendu zuten bezala bost milioi ume denbora gehiegi egon dira eskolara joateko aukerarik gabe, horrek herrion garapenean duen eragin kaltegarriarekin. Izan ere, izurritea hedatzen hasi zenean hartutako neurrietako bat izan zen eskolak ixtearena. Aurten zabaldu dituzte berriz, urte hasieran, eta geroztik ez ikaslerik ez irakaslerik ez da eskolan kutsatu.

Unicefek dio zentroetan oso higiene-arau zorrotzak ezarri zirela, eta horri esker lortu dela gaixotasunari ateak ixtea. Hori bai, Liberian orain ia bi hilabete ikasle bat hil ondoren eskola bat desinfektatu egin zuten, badaezpada ere. Gauza bera egin zuten herrialde bereko beste eskola batean uztailean beste ikasle bat kutsatu ondoren.

Erakunde ezberdinetako adituek garatutako protokoloak agintzen du eskolara iristen diren ikasle, irakasle eta langile guztiei tenperatura hartu behar zaiela, beste ezertan hasi baino lehen. Gainera, eskuak garbitu ahal izateko makina bat puntu egokitu zituzten zentroetan. Xaboi eta kloro pastillak ere bazter guztietara eraman zituzten. Eta gauzarik garrantzitsuena: milaka irakasle eta bestelako langile gaitu zituzten protokoloak behar bezala aplika zitzaten.

«Merezi zuen ahaleginak»

Hilabete askotako lanaren fruitua da protokoloak bazter guztietan aplikatzea. «Ebolaren aurrean eskolak leku seguruak izan daitezen egin den ahalegin izugarriak merezi zuela dirudi», adierazi du Geoff Wiffin Unicefek Sierra Leonan duen arduradunak.

«Umeek eskolan ikasi dute beren burua eta ondokoena nola babestu ez kutsatzeko. Gainera, eskolan ikasitakoa beren gurasoei eta komunitateei irakatsi diete. Hori oso garrantzitsua izan da izurritearen aurkako borrokan», erantsi du Wiffinek.

2014ko uztailean itxi zituzten eskolak hiru herrialdeotan, eta aurten zabaldu dituzte berriz, sei hilabeteko hutsunearen ondoren. Kontuan hartu behar da izurritea hasi aurretik ere Ginea, Liberia eta Sierra Leonako hezkuntza sistemaren egoera ez zela suziriak botatzeko modukoa. Daturik onena, eskolara joaten diren umeen kopuruari dagokionez, Sierra Leonak zuen, %74rekin, eta Liberiak okerrena (%34). Ginea erdi parean zegoen: bertako haurren %58 joaten zen eskolara ebola iritsi aurretik.

Uztaileko bigarren hamabostaldian hasi zitzaizkien aurtengo oporrak Liberia eta Sierra Leonako ikasleei, eta abuztuaren 8an Gineakoei. Arazorik sortuko ez balitz, abuztuaren 31n joango dira berriz eskolara Sierra Leonan; irailaren 7an, Liberian; eta urriaren 11n edo geroago, Ginean.

Datozen arriskuak

Ebolari aurre egiten jarraitu beharra daukate oraindik, eta adituen kezketako bat da oporrak amaitu eta umeak berriz eskolara itzultzean hain garrantzitsuak diren protokoloak baztertuta gera daitezkeela.

Unicefek jakinarazi du hezkuntza sistema indartzeko ahaleginean dabiltzala. Ez da harritzekoa, irakasleak falta baitira eta edateko moduko urik gabe daude herrialde horietako eskola gehienetan: Ginean zentroen %33an dute edateko ura; Sierra Leonan, %40an; eta Liberian, %45ean. Ur garbia ezinbestekoa da higieneari eutsi nahi bazaio. Gainera, garbitasuna izaten da beste gaixotasun askori ere era eraginkorrean aurre egiteko modurik egokiena.

Ebolak kaltetutako herrialdeetan hartu diren neurriak eraginkorrak izan direla ikusita, Ginea Bissau ondoko herrialdean ere tankerako protokoloak jarri dituzte abian. Bertako agintariak oso kezkatuta zeuden herritar batzuek Gineako gaixoekin harremanak izan zituztelakoan. Izurritea bertara iristeko arriskua ikusita, protokoloak jarri zituzten abian Ginea Bissaun ere. «Zero kasuetara iristeko borrokan ari garen bitartean, etorkizunean zer datorkigun ere pentsatu behar dugu. Sekulako inbertsioak behar dira eskola guztiek eduki ditzaten ur eta saneamendu azpiegitura egokiak», adierazi berri du Sheldon Yett Unicefek Liberian duen ordezkariak.

Ebola 2013ko abenduan Afrikako mendebaldean hedatzen hasi zenetik, 28.000 pertsona kutsatu ditu.

 

Kutsatu eta bizirik atera direnek itsu geratzeko arriskua dute

Afrikako mendebaldean ebolak kutsatu eta bizirik ateratako milaka pertsona egoera kezkagarrian daude une honetan, adituek jakinarazi dutenez: arazo kronikoak, artikulazioetako minak eta itsutasuna eragin dezaketen begietako jario edo hanturak jasaten dituzte.

«Munduak ez du inoiz ikusi ebola birusak eragindako gaixotasuna gainditu eta bizirik ateratako horrenbeste lagun», adierazi zuen Anders Nordstrom Osasunaren Mundu Erakundeko Sierra Leonarako ordezkariak.

Artikulazioak kaltetuta dauzkate bizirik atera direnen %50ek, eta batzuek ezin dute lanera joan, mina jasanezina delako. Ikusmen arazoak pertsona horien %25ek izan dituzte.J.A.O.