NAIZ

Elita Ehed nigeriarra espetxeratze arriskuan lesbiana izateagatik

Nigerian homosexualitatea delitua denez, 14 urteko espetxe zigorra bete beharko luke Elita Ehedek bere herrialdean. Joan den astean Frantziar Estatuak asilo politiko eskaera ukatu zion eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere ez du eskaera ontzat hartu. Hendaiako atxikitze zentroan dago uztailaren 24tik, hainbat hedabidek adierazi dutenez.

Hendaiako atxikitze zentroan jarraitzen du Elita Ehedek.
Hendaiako atxikitze zentroan jarraitzen du Elita Ehedek.

Elita Ehed 26 urteko nigeriarra da, eta lesbiana. Bere herrialdean homosexuala izatea delitu da, eta 14 urteko espetxe zigorra betetzeko arriskuan dago Ehed. Joan den apirilean bere neska-laguna eta bi lagunekin Nigerian zegoela, beraien bila joan ziren. Neska-laguna erre eta bi lagunak espetxeratu zituzten.

Herrialdetik ihes egin, eta AEBetara sartu nahian harrapatu eta kanporatu zuten. Parisera eraman zuten orduan. 19 egun egon zen aireportuan, eta epaileak aske utzi zuen, herrialdetik irteteko baldintzarekin, hainbat hedabidek adierazi dutenez. Espainiar Estatura joateko asmoa zuen, baina Hendaiako tren geltokitik ateratzean atxilotu zuten, eta uztailetik dago herri horretako atxikitze zentroan.

Joan den astean Iheslari eta Aberrigabeak Babesteko frantziar Estatuko erakundearen aurrean deklaratu ondoren, asilo eskaera ukatu diote. Horrez gain, Berriak adierazi duenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du ontzat hartu Elita Edehen eskaera. Euskal Irratiak dio Baionako epaiak askatasuna ukatu diola gaur, eta Frantziako estatuak dagoeneko hegazkin txartela hartua duela Elita Edeh abuztuaren 20an Lagosera bidaltzeko.

EHko Emakumeen Martxaren babes adierazpena

Euskal Herriko Emakumeek Martxak babesa adierazi dio Ehedi webgunean zabaldu duen ohar batean. Emakumeen Mundu Martxak «babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu Elita Edeh», eta asilo politikoa «lehenbailehen» eman diezaioten exijitu du. Horrez gain, adierazi du «lesbianismoaren jazarpena errefusatzen dugula, eta baita hura afera politiko bezala hartzen ez duten estatuak ere».