NAIZ

Urquijoren bidez PP EHko bizitza politiko eta sozialean eragiten saiatzen dela uste du Sortuk

Sorturen ustetan, Urquijoren bidez Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean eragiten saiatzen da PP, «hain zuzen ere, hautestontzietan lortzen ez duena». Alderdi Popularraren «debeku eta jazarpen estrategiari aurre egiteko modurik eraginkorrena» euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko dinamika eta mobilizazioa indartzea dela deritzo Sortuk.

Sortuk ohar batean adierazi du Urquijoren bidez Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean eragiten saiatzen dela PP, eta azken egunotan Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkariak bultzaturiko ekitaldi debekuak salatu ditu.

Alderdi abertzalearen ustetan, «Euskal Herrian herriz herri ospatzen diren jaiak beti izan dira festa eta aldarrikapena uztartzeko gune. Azken garaiotan ordea, debeku, mehatxu eta jazarpenek baldintzatu dituzte hainbat jai herrikoi. Jazarpen horien bultzatzaile nagusi da Carlos Urquijo Gobernu Ordezkaria».

PPren proiektu politikoaren «inposiziorako tresna baino ez da Gobernu Ordezkariaren figura» eta horrela izanik, «kargu insituzional horrek desagertu beharko lukeela» deritzo Sortuk.

Alderdi Popularraren «debeku eta jazarpen estrategiari» aurre egiteko modurik eraginkorrena euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko dinamika eta mobilizazioa indartzea dela uste du, eta horretarako ostiralean Bilbon egingo den manifestazioa egokia dela adierazi du.

Urquijoren salaketaren ondorioz Areatzako presoen aldeko txokolate jatea bertan behera utzi zuten.