NAIZ
QUIROS

Frank Schlekentzat etapa eta ‘Purito’-rentzat lidergoa

Vueltako etapa gogor berri bati aurre egin diote gaur txirrindulariek eta Frank Schleck izan da lehena helmugan. Sailkapen nagusiaren lehian Fabio Aru larri zebilen eta lidergoa galdu du, gutxigatik. ‘Purito’ Rodriguez irtengo da bihar gorriz. Uste baino denbora gutxiago galdu du Tom Dumoulinek. Omar Frailek mendiko sailkapena ziurtatu du eguneko ihesaldian sartuta. [vuelta.naiz.eus]

Joaquim Rodriguez liderraren mailota jantzita. (Jaime REINA | AFP)
Joaquim Rodriguez liderraren mailota jantzita. (Jaime REINA | AFP)

Uste gabeko garaile bat askorentzat, Frank Schleck; uste gabeko makalaldia Fabio Aru liderrak, ‘Purito’ Rodriguez irtengo da bihar jertse gorriarekin, eta euskal protagonista bat, Omar Frailek mendiko sailkapena ia-ia ziurtatu baitu eguneko ihesaldian sartuta. Horiek Vueltaren 16. etapak Alba-Quiros ermitan utzi duen emaitza.

Trek-eko txirrindulariak etapa garaipena lortu orduko sailkapen nagusirako lehian ziren begi denak, Fabio Aru taldetxoaren azken zatian zen, juxtu antzean itxura guztien arabera. Amaierarako 700 bat metro falta zirenean jo du kolpea ‘Purito’ Rodriguez kataluniarrak eta Fabio Aruk horren gaizki ez zegoela erakutsi du azkar erreakzionatuz. Ez behar bezain beste, bi segundo eta lidergoa galdu baititu. Gehixeago sufrituko zuela zirudien Tom Dumoulinek baina ondo eutsi dio eta 26 segundo besterik ez ditu galdu Rodriguez liderrarekiko.

Ordurako helmugan sartuta zen Omar Fraile bizkaitarra, eguneko ihesaldian sartzea lortu du eta mendiko sailkapenerako 27 puntu gehiago bereganatu ditu, sailkapen honetako garaipena ia-ia ziurtatuz.

Erlojuaren aurkakoa asteazkenean

Atsedenaldia izango dute bihar eta asteazkenean Burgosen erabaki daiteke aurtengo Vueltako garaipena. Dumoulinek gaur denbora askorik galdu ez duenez lehen postura heltzeko aukera handiak ditu.