naiz
DONOSTIA

Donostiako Udalak Zinemaldirako 1.000 sarrera banatuko ditu langabeen artean

Donostiako Udalak eta Zinemaldiak doako 1.000 sarrera banatuko dituzte langabeen artean, Sail Ofizialeko filmak ikusteko. Irailaren 12tik aurrera eskuratu ahal izango dira

Txarteldegitik ez dute pasa beharko langabeek sarrerak eskuratzeko. (Maddi SOROA/ARGAZKI PRESS)
Txarteldegitik ez dute pasa beharko langabeek sarrerak eskuratzeko. (Maddi SOROA/ARGAZKI PRESS)

Donostiako langabeek Zinemaldirako Sail Ofizialerako sarrerak eskuratu ahal izango dituzte irailaren 12tik aurrera, www.donostia.eus atariaren bidez. Pertsonako bi sarrera banatuko dira, doan.

Miren Azkarate Kultura zinegotziak eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak azaldu dutenez, interesatuek eskaria aipatu webgunearen bidez egin beharko dute eta, bertan, inprimakia bete eta langabezian daudela egiaztatu beharko dute, Lanbide edo Darde ziurtagiria aurkeztuta. Behin eskaria eginda, egiaztagiria jasoko dute eta hori udaletxean aurkeztu beharko dute, sarrerak jaso ahal izateko. Sarrerak udaletxean jaso ahal izango dira irailaren 15etik 19ra.

Rebordinosek gogoratu du krisia dela-eta proposatu ziotela ekimena Udalari, izan ere, Zinemaldiak 169.000 pertsona erakartzen ditu bederatzi egunetan eta ahalik eta jende gehienarengana iristea du helburu. Hori dela-eta, Zinemaldiak 1.000 sarrera jarri zituen langabeen eskura. Ekimenak arrakasta izan zuen eta errepikatu egin dute.