A.K.-A.A.

Zinemaldia abian da: besaulkietan jesarri eta datorrenari heldu

Adimena traizio egiteko gai da, gertakari traumatikoak memoriatik ezabatzekoa, edo inoiz jazo ez dena garunean asmatzekoa. Zinemaldiak Alejandro Amenabarren «Regression» lanarekin hasi zuen 63. edizioa, ohiko galarekin batera. George Millerrek Fipresci saria jasota eta hastapen protokoloa beteta, zinema maratoia abian da.

Zinemaldiko hasiera ekitaldia. (ARGAZKI PRESS)
Zinemaldiko hasiera ekitaldia. (ARGAZKI PRESS)

Emakume izena izan zuen Zinemaldiaren 63. edizioaren irekierak. Cayetana Guillen Cuervo, Ainata Sanchez Gijon eta Mireia Gabilondo izan ziren, Edurne Ormazabal kazetariarekin batera, zinema maratoiari hasiera eman zion galaren aurkezleak. Oreka TX-k iragarri zuen, Pirritx eta Porrotxi “ostutako” doinuaren bidez, zinemaren festa handia hastear zegoela eta, orain dela gutxi zendu den Pilar Olaskoaga jaialdiko idazkari izandakoa gogoan izan ostean, Fipresci saria eskaini zioten “Mad Max” filmaren sortzaile George Miller zinemagileari.

Lasai inguratu zen oholtzara Miller eta, jolasti, «halako pelikula batek sari hau jasotzea surrealista» dela iritzi ostean, eskerrak eman zizkion «zinemaldi zoragarri honi» eta babes eman dioten guztiei.

Segidan Zinemaldiko atalak aurkeztuz joan ziren, aktore eta zinemagile sorta zabal baten eskutik, hala nola Antonio Resines, Agustina Chiarino, Diego Lerer, Elena S. Sanchez, Barbara Goenaga eta Paco Leon. Itziar Ituñok zinemaldian jorratuko diren gai politiko sortari egin zion erreferentzia eta «historia ez da duela mende asko gertatu zen zerbait, atzo gertatutakoak ere historia dira», adierazi zuen, eta, kanpora beharrean barrura begiratuta, Secun de la Rosak «zinema, batzuetan, prisma ezberdinetatik geure buruaz hitz egitea» ere badela nabarmendu zuen. Epaimahaiak, azkenik, Paprika Steen epaimahaiburuaren ahotik, «oso serio hartuko dugu gure lana» iragarri zuen. Aurkezpen lan horien guztien ostean, Alejandro Amenabarren “Regression” filmak eman zion hasiera Zinemaldiaren 63. edizio honi.

Adimenean barrena

Thriller psikologikoa aurkeztu du zuzendari madrildarrak, bere ohiko zinemarekin harreman estua duen filma. Beldurraren generoaren bueltan dabil adimena haztatzen duen sorkuntza berria, baina terrorearen mugak gehiegi zeharkatu gabe. Iradoki egiten du Amenabarrek erakutsi baino. “Tesis” opera priman ere halaxe egin zuen, gehienbat. Lehenengo lan hura aurkeztu zuenetik hogei urte beteko dira 2016an eta kasu honetan adierazpide antzekoak baliatu ditu.

80ko hamarkadan AEBetako hiri askotan eragina izan zuen fenomeno bat baliatu du Amenabarrek inspirazio iturritzat. Erritual satanikoak egiten zituzten pertsona taldeen afera izan du aitzakia sorkuntza osatzeko. «Sei urte pasatu dira nire azken lanetik –‘Agora’, 2009–. Beldurrezko film bat egiteko gogoa neukan, eta aitzakia narratiboen bila aritu nintzen. Satanismoa irteera puntu ona izan zitekeela pentsatu nuen. Pare bat biblia sataniko irakurri nituen, baina ez zidaten ikuspuntu berezirik piztu eta gaia alboratu nuen», adierazi zuen atzo prentsaurrean. AEBetan 80ko hamarkadan zabaldutako erritual satanikoetan aurkitu zuen orduan aitzakia satanismoaren barruan sartu eta adimenaren arloan sakontzeko.

Ethan Hawke eta Emma Watson hautatu zituen Amenabarrek lanerako, azkena nahiko apala bere paperean, akaso Harry Potterren sagako Hermione pertsonaiaren zama gainean daramalako oraindik. «Casting prozesua eromena da eta gu nahikoa ero izan ginen Emma Watsonekin lan egiteko. Gaur egun nork ez luke berarekin lan egin nahi! Harria bota genuen eta oso ondo erantzun zuen, genero eta erregistro aldaketa nahi baitzuen berak ere», esan zuen. Hawke Minnesotako polizia bat da, erritual satanikoetan oinarritutako gertakari ilunak argitzen saiatzen ari dena. Watson jazoera horien erdian dago, baita bere familia ere.

Zuzendariaren iritziz, “Regression” «jendearen beldurra desaktibatzeko saiakera da. Ez dakit genero berri bat den, baina hori zen egin nahi nuena». Nolanahi ere, filmak egitea lan bat baino gehiago da Amenabarrentzat, «gauza asko dira». «Entretenimendurako modu bat da, ihesbide bat, adierazteko era bat. Ikusle gisa gustatzen zaidana egitea atsegin dut eta umiltasunez saiatu naiz film neurtu eta lehor bat egiten, asko gustatzen zaizkidan thriller amerikarretako elementuak txertatuz», ohartarazi zuen.

“Regression” ez da bete-betean beldurrezko generoan sartzen den film bat, eremua doi-doi ukitzen du, saihesbidetik, eta beste generoak ere zanpatzen ditu. «Beldurrezko film bat da hasieran, gero thriller psikologikoa da eta drama gisa amaitzen da. Hori da gustatzen zaidana, nire alde irrazionala pizten duena». Eta zera gaineratu zuen: «Nik ez diot deabruari aurpegirik jartzen. Hau beldurrari, hutsegiteei eta deabruari buruzko istorio bat da. Erroreak gure baitan daude eta guztia iragazten dute. Hor dago arazoa; non dagoen gaizkiaren muina ireki behar ez dituzun ateak zabaltzen dituzunean».

Erreferentzia ugari ditu Alejandro Amenabarrek bere filmografia osatzerako orduan, baina Hitchkock izan daiteke horien artean nagusietako bat; psikologia lantzen du berak ere, eta gizakiaren adimenean sartzeko baimena du.