NAIZ
IRUÑEA

Geroa Baik Koldo Martinez izendatu du Kongresurako zerrendaburu

Koldo Martinez izango da Geroa Bairen zerrendaburu espainiar Kongresurako hauteskundeetan. Irailaren 1ean hautagaitzak aurkezteko epea iragarri zenetik aurkeztu den hautagaitza bakarra izan da. Geroa Bairen Kontseilu Nagusiak larunbatean onetsi beharko du erabakia.

Koldo Martinez, Uxue Barkosen inbestidura saioan. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Koldo Martinez, Uxue Barkosen inbestidura saioan. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Geroa Baiko Batzorde Iraunkorrak Koldo Martinez izendatu du datozen hauteskundeetan koalizioaren Kongresuko kandidaturako zerrenda burua izateko. Ohar baten bidez jakinarazi duten moduan, Koalizioko Kontseilu Nagusiak larunbat honetan hautagaitza onetsi beharko du Atarrabiako Kultur Etxean egingo duten bilkuran.

Martinez hautagaitza bakarra izan da, iragan irailaren 1ean hautagaitzak aurkezteko epea ireki zenetik. Beraz, aho batez izan da onartua. Maiatzeko hauteskundeetatik ona, Geroa Bairen bozeramailea da Nafarroako Parlamentuan.

Kontseilu Nagusian Nafarroako Gobernuak jarritako lan ildoak aurkeztuko dituztela iragarri dute eta haien inguruan eztabaidatzeko baliatuko dutela data. Bertan, espainair Kongresurako hauteskundeei begira egin beharko den lana ere izango da eztabaidagai. Zentzu honetan «lanean hasiak» direla azpimarratu dute. 

«Koalizioak programa, bai eta Kongresurako eta Senaturako zerrendak egiteko lana ere datorren urrian zehar egingo du, horrela azaroan berriro ere Kontseilu Nagusian bozkatzeko», iragarri dute.