Ariane KAMIO
DONOSTIA
Elkarrizketa
LARA IZAGIRRE
«UN OTOñO SIN BERLIN» FILMEKO ZUZENDARIA

«Askotan esaten ditugu gauza garrantzitsuak ezer esan gabe»

Giza harremanetan eta prozesu pertsonaletan jarri ditu begiak –eta hitzak– Lara Izagirrek berak zuzendu eta idatzi duen “Un otoño sin Berlin” lanean. Atzerritik bueltan datorren neska batek etxera itzultzean topatuko duena giltzarri izango da barne bidaia horretan.

Behar pertsonalei erantzun emanez idatzi eta zuzendu zuen Lara Izagirrek “Un otoño sin Berlin” lana. Giza harremanetan jarri du arreta zuzendari zornotzarrak. «Ez dut interpretaziorik egin nahi izan. Nahiago dut norberak bere modura ikustea filma», iritzi dio. Atzerritik etxera bueltan da June. «Ihesean» joandako emakume gaztea da, inguru pertsonaletik ihesean joandakoa, apenas azalpenik eman gabe. Itzulera ez da nolanahiko lana izango eta langa ugari gainditu beharko ditu. Ikasiko du, baina, norbera den modukoa dela, eta alferrikakoa dela jendea bakoitzaren nahien atzetik arrastaka eramatea. Gaur estreinatuko da Zinemaldian, Zinemira sariaren galan.

Zure barne beharretatik sortu zen pelikula hau egitea.

Ez dakit hitzez ondo azaltzen. Idazten hasi nintzen film bat egin nahi nuelako, baina gaiaren aukeraketa ez zen izan erabaki arrazional bat. Idatzi nuen historiatxo bat eta jarraitu nuen pertsonaiarekin baina ez nekien benetan zergatik idazten nuen hori guztia. Horrela hasi nuen lana. Orain, pelikula amaituta, ulertzen dut momentu horretan zergatik idatzi nuen. Baziren une horretan gauza asko pertsona gisa ulertzea kostatzen zitzaizkidanak. Uste dut pelikula idatzi nuela ikusteko eta onartzeko zenbait gauza; nire prozesu pertsonalaren parte izan zen. Filmak orrialdez pasatzen lagundu dit, baina konturatu gabe, eta hori izan da politena.

Itzulera baten formula erabili duzu sentimendu horiek azaleratzeko.

Kanpoan bizi zarenean eta herrira itzultzen zarenean mito bat dago esaten duena herrietan ez dela ezer aldatzen eta bueltatu zaitezkeela nahi duzunean, hor izango duzula zure txokoa. Baina nik uste dut buruan daukagunaren artean eta benetan herrian pasatzen den horren artean badagoela salto handi bat. Eta Juneri hori pasatzen zaio. Bueltatzen da herrira eta ez da hain erraza. Ez da atea jo, zabaldu eta norbaitek esatea, «hemen dago zure lekua, zuretzat gordeta».

Kanpora joateko erabakia ere arrazoi desberdinengatik hartu zuen eta «ihes» hori ez zuten ondo hartu bere ingurukoek.

Nik uste bera itzultzen dela itzuli behar duelako. Ez daki zer topatuko duen, baina sentitzen du itzuli behar duela denbora lar pasatu delako eta zauriak sendatzeko. Baina zauria ez da pentsatzen zuen zauria, ez da erraza sendatzea eta berak ere ez dauka gaitasunik gauza horiek normaltasunez konpontzeko.

Haurraren figurak deitzen du atentzioa, nola June hain eroso sentitzen den berarekin.

Guk barre egiten dugu eta esaten dugu Nico benetan dela pelikulako bere mutil-laguna. Berarekin bai dagoela pozik, egiten du barre, lasai sentitzen da. Haurrak duen inozentzia horrek laguntzen dio Juneri ere lasai egoten. Hainbeste karga daukanez barruan, hainbeste zauri sendatu barik, ikusten du umearen bitartez nola izan daitekeen zoriontsu. Haurrak ere erakusten dio mundua beste begi batzuekin ikusten.

Guraso eta seme-alaben arteko harremana ere txertatzen duzu.

Euskaldunon izaera honetan badago zailtasuna gauzak kontatzeko eta sentimenduei buruz hitz egiteko. Askotan esaten ditugu gure bizitzako gauzarik garrantzitsuenak ezer esan gabe. Guraso eta seme-alaben artean, igual ez gure belaunaldian, baina bai aurrekoetan, badago hori, ez dela hain erraza gauzak azaltzea.

Junek sentitzen du frustrazioa bere inguruarekin, baina badirudi amaieran konformatzen dela edo ikasten duela besteak diren moduan errespetatzen.

Norbait maite duzunean, familia, lagunak, bikotea, maite behar dituzu diren moduan, nahiz eta askotan egongo diren gauza asko gustatuko litzaizukeena aldatzea. Baina benetan maite dituzu diren modukoak direlako, beraien gauza on eta txarrekin. Uste dut June iristen dela pentsatzen berak aldatu ahal dituela denak bere neurrira bera zoriontsu izateko, baina pelikulan zehar ikasten du gauza batzuk konpontzen baina puntu bateraino. Jendea bizi egin behar da eta prozesu horretan onartzen du bere burua.