NAIZ
DONOSTIA

Hiria eta landa, aurrez aurre GARAren liburu berrian

Asteburuan salduko da ‘Landa eta Hiria’.
Asteburuan salduko da ‘Landa eta Hiria’.

GARAren eskutik, asteburu honetan plazaratuko da ‘Landa eta Hiria’, Solasean liburu laburren bildumako lan berria. Oraingo honetan, soilik euskaraz argitaratu da. ‘Mediabask’ Ipar Euskal Herriko komunikabideak ere parte hartu du argitalpenean.

Mixel Berhocoirigoinek –baserritarra eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakari ohia– eta Kepa Kortak –abokatua eta garapen estrategietan aditua–, parez pare jarri dituzte landa mundua eta hiria, eta horren inguruan, aurrez aurre, norberaren hausnarketa plazaratu dute. Aurreko argitalpenetan bezala, Antxon Lafontek, bildumaren zuzendari eta lurraren antolamenduan adituak, gidatu du bien arteko solasaldia, sakoneko elkarrizketa borobilduz berak luzatutako galderekin.

Lanaren hitzaurrea, berriz, Urkiri Salaberriak sinatu du, Ondare Immaterialean doktorea da eta landa garapeneko elkarteekin lotura zuzena duena. ‘Landa eta Hiria’ eserialdi batean irakur daitezkeen liburu labur eta prezio txikikoez osatutako Solasean bildumako hirugarren lana da. Elkarrizketa moduan planteatuta, gogoeta guneetan ezagutza eta hausnarketarako espazioa irekitzeko baliabidea da. Rafa Diezek, gaur egun kartzelatuta dagoen LABeko idazkari ohiak, eta Joseba Azkarragak, Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak, ireki zuten bilduma ‘Escenarios para un futuro político y social’ liburuarekin. Bigarren lana ‘Identidades y gobernanzas territoriales’ izan zen; duela gutxi zendu den Txiki Benegas eta Pedro Ibarra Zientzia Politikoen katedradunen eskutik.

‘Landa eta Hiria’ liburua larunbat eta igande honetan jarriko da salgai kioskoetan, GARArekin batera, 2,5 euroan.