GARA
GASTEIZ

Emakume Nekazarien Estatutua, urrats baten faltan

Aho batez onartu zuen atzo Garapen eta Lehiakortasun Batzordeak Emakume Nekazarien Estatutuaren lege proiektua. Estatutua datorren urriaren 15ean onartuko da, osoko bilkuran. Besteak beste emakumeak lantzen dituzten lurren jabe edo jabekide izatea sustatzen du egitasmoak, baita erabakitze guneetan euren presentzia handitzea ere. EHNE sindikatuaren ustez Estatutuak ez du berdintasuna bermatzen; horregatik, «testu juridiko loteslea» eskatzen du.

Aho batez onartu zuen atzo Gasteizeko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Batzordeak Emakume Nekazarien Estatutuaren lege proiektua. Datorren urriaren 15ean, hain justu Emakume Nekazariaren Nazioarteko Egunean, testua osoko bilkuran eztabaidatuko da lege bihurtu aurretik.

Javier Carro EAJko legebiltzarkide eta batzordeko presidenteak atzo azaldu zuenez, legeak laguntzak ahalbidetuko ditu emakume baserritarrak gizarte segurantzan afilia daitezen. Helburua, erantsi zuenez, emakumeak lantzen dituzten lurren jabe edo jabekide izatea indartzea da. Elkarbanatutako titulartasuna sustatzeko, emakumeak lehenetsiko dira diru laguntzak esleitzeko garaian. Legeak, era berean, nekazaritzako erabakitze guneetan emakumeen parte hartzea derrigortuko du. Hala, elkarteek lau urte izango dituzte emakumeen presentzia handitzeko eta Berdintasun Legeak exijitzen duen gutxieneko %40ko tasara heltzeko.

Carrok azpimarratu zuenez, legeak «orain arte ezkutuan egon den lana azaleratuko du: emakume askok landa guneetan egiten dutena». Bere iritziz, kolektiboarentzat bermea suposatuko du horrek: «Urrats handia izango da bai emakumeen errekonozimendu profesionalean bai eta haien estimazio sozialean ere».

EHNE ez dator bat

Ahots guztiak, ordea, ez daude egitasmoaren alde. EHNEren arabera, «ez da emakume nekazari eta abeltzainen langile izaera eta aitortzarik lortzen». Horregatik, «sektoreko emakume langilearentzako testu juridiko lotesle bat eskatzen dugu», adierazi du berriki sindikatuak.

Zazpi urte daramatza EHNEko emakumeen alorrak gaia lantzen eta erakundeek egitasmoa euren interesen arabera moldatu izana salatu du. Besteak beste, Emakume Baserritarren Estatutuak eskubideen zerrenda jasotzea exijitu du EHNEk.