NAIZ
BILBO

Autogobernuaren kontrako erasoak salatu ditu EH Bilduk, eta burujabetza osoa aldarrikatu

EAEko Kontzertu Ekonomikoak eta Nafarroako Hitzarmenak Estatuko zenbait politikariren aldetik jasotako kritiken aurrean, Pello Urizarrek adierazi du EH Bilduk ez duela onartuko «gure autogobernua erasotzea», baina argi utzi du egun dagoenarekin ez direla konformatzen. «Gure bidea egiteko ordua heldu da», nabarmendu du.

Pello Urizar, EH Bilduko bozeramalea.
Pello Urizar, EH Bilduko bozeramalea.

Bilbon burututako agerraldi batean, azken egunotan Estatuko zenbait politikarik EAEko Kontzertuari eta Nafarroako Hitzarmenari buruzko EH Bilduren irakurketa plazaratu du Urizarrek.

Lehenik eta behin, azpimarratu egin du hori gertatu izana ez dela «kasualitatea». «Borondate politiko garbia dago atzean egungo marko autonomikoaren gaitasuna are gehiago gutxitzeko eta helburu bat ere: euskal gizarteak pribilegio batzuk dituela esanez beraien gabeziak ezkutatu eta botoak irabaztea», adierazi du Urizarrek.

Kontzertuak eta Hitzarmenak «gabeziak» dituztela aitortu du EH Bilduko eledunak, «garantiarik gabeko eredu autonomiko bateko parte direlako», baina ohartarazi du «beraien arukako edozein eraso gizartearen eskubide eta ongizatearen aurkako erasotzat» hartuko dituztela eta, hortaz, «beraien defentsan» aritzeko aurrean izango dela koalizioa.

«Egun daukagunarekin ez gara konformatzen. Burujabetza osoaren aldeko apustu garbia egingo ez dugun bitartean, Espainiako estatuaren borondatearen menpe izango gara», esan du Urizarrek, eta jarraian gaineratu iritsi dela «gure bide propioa egiteko ordua».

Bide horretan, gogoratu du EH Bilduk bihar aurkeztuko diola euskal jendarteari Herritarrak Ahalduntzeko Legea. Koalizioko bozeramalearen esanetan, «herri honetako gizon eta emakumeek beraien etorkizun politikoa zein sozioekonomikoa erabaki ahal izango dute tresna horren bidez».