@Maider Iantzi
DONOSTIA

Mila zorion eta besarkada Miren, Sonia eta Arkaitzen ongietorrian

«Arnaldo eta Rafa askatu. Politika askatu» leloarekin egin den manifestazioa joan den igandean aske gelditu ziren Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezen ongietorria ere izan da. Hasiera muxu, besarkada eta flash-en zurrunbilo handi bat izan da, eroa eta ederra.

Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta, pozarren. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta, pozarren. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

17.30ean zen hitzordua, baina aunitzez lehenago bete da Donostiako Bulebarra. Bertara iritsi eta jende multzo ikaragarria zen ikusten zena eta, tartean, lagun eta ezagunen arteko besarkadak, baita kazetari pila bat ere kamera eta mikroa aldean adierazpen eta argazki bila. «Non da Miren, etorriko al da?», galdetzen zion Podemoseko idazkari nagusiak, Laura Perezek, Patxi Zabaleta aitari. «Bai! Ikusten badut esango diot hemen zaudela eta kaso egiteko».

Harrera hagitz hunkigarria eta pozgarria izan da sei urteko kondena oso-osorik beteta azkenean espetxea gibelean utzi ahal izan duten Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezentzat, baita beti ondoan izan dituzten senide eta lagunentzat ere. «Zorionak» ematera hurbiltzen zitzaien jendea, aste osoan bezala, behin eta berriz «zorionak».

Poztasun eta emozio handia sumatzen zen orokorrean, aniztasun handia izan duen manifestazioan. Han izan dira, EH Bildurekin batera, Kataluniako hainbat lagun, CUP eta ERCkoak, PSEko eta Podemoseko kideak ere bai, BNGkoak etorri dira Galiziatik... eta milaka eta milaka, 18.000, aurpegi, Euskal Herriko txoko guztietatik eta atzerritik ere Donostiara etorri direnak. Denek nahi zuten Miren, Sonia eta Arkaitzengana hurbildu.

Irrintzi eta txalo artean abiatu da martxa, zurrunbilo batean; aitzinera egin ahala, lasaitzen joan da giroa eta «Euskal presoak, etxera! Arnaldo, Rafa, askatu!» oihuen artean egin du bidea, berriro hasierako puntura iritsi arte. Alderdi Ederreko ekitaldia ere emozioz betea izan da, jendea etengabe txaloka eta, Xabier Amurizak Otegiri bertsoak eskaini dizkionean, berari laguntzen. «Ta zuk Arnaldo ez pentsa ematen zaizunik ospe gehiegi/ zure abizen bat baino askoz gehiago baita Otegi», abesti dio.