Jon Ormazabal

Altunak sekulako garaipena lortu du Olaizolaren aurka (19-22)

3 eta 11 aurreratu da Altuna, Aimarrek partida berdintzea lortu (18-18) eta aurretik jarri den unean, Amezketako aurrelariak partidari buelta eman eta irabazi egin du.

Altuna pilota astintzen. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Altuna pilota astintzen. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Beti ere hurrengo jardunaldian Aimar Olaizolak Iñaki Artolari irabazteko gai bada, finalerdietatik 13 tantotara geratu da Jokin Altuna –Oinatz Bengoetxearen aurkako partidan egin ditzake–  goizuetarraren aurka Donostiako Atano III. ean garaipen ikusgarri eta zoragarria lortu ostean (19-22).

Lehen pilotakadan sakez falta egin duen arren, partida hasiera zoragarria burutu du Amezketako aurrelari gazteak. Leku eta era guztietako erremateak eginda, lekutik atera du Aimar Olaizola 3-11 aurreratu arte. Ezker gantxoak ez dio besteetan bezala funtzionatu Goizuetakoari eta frontoian alde batetik bestera korrika aritu behar izan du pilotaren atzetik.

Hala ere, kaiolan zazpi txapel jantzi dituen pilotariak ez du sekula amore eman eta partida gogortzearen poderioz, maldan gora zuen partida berdindu ahal izan du (18-18), baita tanto batez aurretik jarri ere, batez ere saketik Altunari min asko eginda.

Fisikoki leher eginda zirudienean, beste jokaldi bikain bati esker sakea berreskuratu du Altuna III.ak eta garaipen bikaina eskuratu du, pilotalekua bete duten bere zaleen zoramenerako.