MaiderIANTZI

Elikadura burujabetzak munduari jaten eman nahi dio

Etxalde mugimenduak «Gure lurra, gure etorkizuna» liburua plazaratu du, dokumentala ere badakarrena. Asteburu honetan GARArekin banatuko da. Elikadura burujabetzaren esperientziak azalduz, gogoeta eragin eta halako ekimenetara animatu nahi du jendea.

Gure lurra, gure etorkizuna” liburua izen bereko erakusketa batean oinarritzen da. Bizkaiko EHNEk eta Bizilurrek egin zuten 2013an eta hainbat leku bisitatu zituen Euskal Herrian barna. Lan hori gordetzeko eta zabaltzeko argitaratu dute orain liburua, baita “Etxalde, nekazaritza iraunkorra” mugimendua aurkezteko ere. Etxaldeko kideak laborariak, arrantzaleak, abeltzainak, herritarrak dira, nekazaritzarekin lotutako pertsonak. Bizkaiko EHNEk bultzatu eta hainbat elkartek osatzen du. Eraikitzen ari den mugimendua da.

Miren Saiz Bizilurreko kideak adierazi duenez, nekazaritza eredu industrialak jendarte osoan sortzen dituen ondorioak azaltzea eta salatzea du xede, eta horri aurre egiteko Euskal Herrian eta mundu osoan nekazariek aldarrikatzen duten proposamena plazaratzea: elikadura burujabetza.

Esperientziak erakusten dira testu eta irudiekin, bidenabar elikadura subiranotasunak dituen ildo nagusiak azalduz: gizabanakoaren duintasuna, emakume eta gizonen arteko harreman eredu desberdinak, zer den agroekologia, gazteen garrantzia nekazaritza munduan… Via Campesina nazioarteko mugimendua aurkezten da, bai liburuan, bai honekin batera datorren DVDan.

Saritutako dokumentala

Dokumentalak “Bide berriak, elikadura burujabetza Euskal Herrian” izena du. Joan den ostegunean sari bat lortu zuen Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian, Garapen Jasangarriaren sailean.

Bertan, hainbat esperientzia jasotzen dira, gurean elikadura burujabetza errealitate bilakatzen ari direnak. Kontsumo taldeak agertzen dira, azokak, ekoizleen eta erosleen artean harreman berriak eraikitzen ari diren kooperatiba elkarteak, ikastetxeetako jantokietarako proposamenak… Bestalde, eredu kapitalistan sakontzen da, nola funtzionatzen duen eta ze ondorio dituen esplikatuz.

«Ideia, gogoeta eragiteaz gain, halako esperientzietan edo bertze berri batzuetan parte hartzera animatzea da, denen artean elikadura burujabetza eraikitzeko Euskal Herrian», agertu du Saizek.

Alazne Intxauspe baserritar gaztea da, Etxalde mugimenduko eta Bizkaiko EHNEko kidea. Gero eta proiektu gehiago ikusten ditu norabide horretan. Batez ere baratzean lanean hasi den jende berria halako eredua eraikitzen ari dela dio.

«Elikadura beste burujabetza batzuekin lotuta ikusten dugu, herri burujabe bat lortzeko. Hor kokatzen dira zubiak eta aliantza sistema. Behar-beharrezkoa da herrietatik hasita, udal, aldundi eta gobernuek aldeko apustua egitea. Kontsumitzaile, garapen agentzia, unibertsitate eta eskolek ere bai; denok», azaldu du.

La Via Campesinaren barruan daudenez, hauek 2007ko foroan emandako definizioan oinarritzen dira Etxalden elikadura burujabetza agertzeko. «Elikagai osasuntsu, kulturalki egoki eta eredu jasangarri batean ekoiztuak edukitzeko eskubidea izango litzateke, eta erabakitzekoa ere bai, ekoizten dugunetik hasi eta nekazaritza politiketara».

Zer egin dezakegu kontsumitzaileok norabide horretan joateko? Gure herriko baserritar bati porru sorta bat erostea erabakitzen dugunean urrats bat egiten dugula defendatzen dute. Osasunaren Mundu Erakundeak aste honetan haragi prozesatuaren inguruan adierazitakoa, aldiz, kaltegarria ikusten dute, ez duelako eredua kontuan hartzen.

Beldur mezuak haragiari buruz

«Beldur mezuak emanez, elikadura produkzio iraunkor baten alde egiten duen jende asko kaltetzen da. Ez da gauza bera eredu industrialean milaka behiren haragia transformatu eta auskalo zer sartzea edo gure inguruan lau txahal hazi eta transformatzeko beste era batzuk erabiltzea. Gauza horietaz ohartzea eta kontsumitzaileok kritiko izatea eta informazioa eskatzea garrantzitsua da, baita TTIP akordioaren aurka azaltzea ere».

Ekoizleei dagokienez, gaur egun Euskal Herrian produkziotik bizi diren baserritarrak %1 izanen direla jakinarazi du Alazne Intxauspek. Eta ia denok jaten dugu. «Zertarako erabiltzen dira lurrak, jaten emateko edo espekulatzeko?». Ezinbestekotzat jotzen du lurrak eskuratzea. «Lurrik onenak ez dira nekazaritzarako izaten, enpresentzat edo AHT egiteko baizik. Eta ez dakigu nondik ekarritako produktuak kontsumitzen ari gara, hango jendeari bizitzen uzten ez diotenak. Bai ekoizlea eta bai kontsumitzailea kaltetuak ateratzen gara, hor erdian gelditzen diren batzuk aberastearen truke». Euskal Herrian kontsumitzen dugunetik %5a ekoizten dugu bertan gutxi gorabehera.

Mundua elikatu eta hoztu dezakeen eredu bakarra baserritarrena dela aldarrikatzen du. «Ez gara ezer asmatzen ari; 50 urte atzeragokoak jaten ematen ahal du. Sekulako inbertsioak egin arren, milioika lagun daude gosez. Bestalde, obesitatea eta hipertentsioa daude. Gero botikek ematen dute sendagaia. Negozioaren logika da». Nekazaritza iraunkorrak, aldiz, bizi duina nahi du denontzat.