naiz
PARIS

Sei euskal herritar epaitzen hasi dira Parisen, Nerin jendarmearen heriotza leporatuta

Mikel Karrera, Xabier Goienetxea, Arkaitz Agirregabiria, Joseba Fernandez, Izaskun Lesaka eta Josu Urbieta euskal presoak epaitzen hasi dira gaur Parisko Auzitegian. Jean-Serge Nerin jendarmearen heriotza leporatzen diete.

Sei euskal herritarren senide eta lagunak, Parisko Auzitegira sartzen. (Jacques DEMARTHON/AFP)
Sei euskal herritarren senide eta lagunak, Parisko Auzitegira sartzen. (Jacques DEMARTHON/AFP)

Sei euskal herritar epaitzen hasi dira gaur Parisen. Mikel Karrera, Xabier Goienetxea, Arkaitz Agirregabiria, Joseba Fernandez, Izaskun Lesaka eta Josu Urbietari Jean-Sege Nerin jendarmearen heriotza leporatzen diete. Nerin ETAren azken biktima izan zen.

2010ko martxoaren 16an zendu zen Nerin, frantziar hiriburutik 50 kilometrora ETAko militanteekin izan zen tiroketa batean, eta Fernandez bertan izan zen atxilotua. Handik bi hilabetera atxilotu zituzten Karrera eta Agirregabiria, eta hiru aste beranduago Urbieta. Lesaka 2012ko urrian atzeman zuten, eta Goienetxea aurtengo udan

Gaurko saioaren hasieran, Izaskun Lesakak testu labur bat irakurri du seien izenean, ETAko militante direla aldarrikatuz. Estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herria «okupatua» dutela salatu eta auzitegiari beraiek epaitzeko zilegitasunik ez diotela aitortzen jakinarazi du, Efe agentziak zabaldutakoaren arabera. Mikel Karrerak, auzi-gelan sartu denean, ‘Gora ETA!’ oihukatu du.

Auzipetuek azaldu dutenez, Nerin jendarmea ustekabeko enfrentamendu batean hil zen. Tiroketa jendarmeek hasi zutela esan du, eta ETAko kideek erantzun egin zietela. Hori jazo zenean, 2010eko martxoan, ETA «bakerako bidean» urratsak egiten ari zela gogora ekarri dute, eta prozesu horri Gobernu espainolak eta frantsesak «etengabe oztopoak» jarri dizkiotela salatu.

Horrekin batera, Estatu frantsesean egin diren azken polizia operazioen berri Barne Ministerio espainolak eman izana aurpegiratu diote Parisi.

Jacqueline Audax epaimahaiko lehendakariak aurreikusi duen egutegiaren arabera, epaiketa bost astez luzatuko da eta epaia abenduaren 2an jakingo da.