NAIZ
BOISE

Dave Bieter Boiseko alkate euskalduna laugarren agintaldirako hautatu dute

Dave Bieter Boiseko jatorri euskalduneko alkatea hautatu dute berriro datozen lau urteetarako, aste honetan egin dituzten hauteskundeetan.

Dave Bieter Donostiako Alkateen Konferentzian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Dave Bieter Donostiako Alkateen Konferentzian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Dave Bieter Boiseko alkateak laugarren agintaldiari ekingo dio, beste lau urterako. Asteartean izan ziren hauteskundeak Idahoko hiriburuan eta jatorri euskalduneko alkatea hautatu dute berriro ere hautesleek.

Emaitza eztabaidaezina lortu du gainera Bieter-ek: botoen %68,8 eskuratu du, bere aurkari nagusi Judy Peavey-Derr-ek jaso duen %26,4ren aldean. ETBri eginiko adierazpenetan, oso pozik mintzatu da laugarren agintaldirako hautatu dutelako eta goraintziak igorri dizkie Euskal Herrian dituen senide eta lagunei. «Gora Euskadi Askatuta!» esanez bukatu ditu adierazpenak.

Bieter Ameriketara joan ziren euskal artzainen ondorengoa da –aitona, artzaina, Larrabetzukoa zuen eta amona, lekeitiarra–. Diasporako pertsonarik ezagunenetakoa da eta euskalduna da.

Euskal gatazkaren konponbidean ere ezaguna da bere engaiamendua. Bere garaian Idahoko Estatuan Euskal Herriaren eskubideen aldeko adierazpena bultzatu zuen Pete Cenarrusa zenarekin batera, eta 2013ko urrian egin zen Donostiako Alkateen Konferentzian ere parte hartu zuen, autodeterminazioaren aldeko aldarria eginez.

Joan zen udan, Boiseko Jaialdian erabakitzeko eskubidearen alde egin zen ekitaldian gidari lanak egin zituen, euskaraz nahiz ingelesez.

Barack Obamarekin Air Force One hegazkinean egin zuen bidaiak ere oihartzuna izan zuen, izan ere euskal artzainei buruz kontatu zizkionak izan zituen gero hizpide AEBetako presidenteak hitzaldi batean.