NAIZ
BAIONA

Azaroaren 23tik aurrera epaituko dituzten ezker abertzaleko kideei babes zabala adierazi diete

Segurako sarekadarengatik hilaren 23an Madrilen hasiko den epaiketaren harira, arlo desberdinetako 22 eragilek babesa adierazi diete Aurore Martin, Haizpea Abrisketa eta gainerako 33 auziperatuei. Datorren ostiralean, azaroak 13, sostengu hori irudikatuko dute Baionan, elkarretaratze bat eginda.

Baionan egin dute agerraldia. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Baionan egin dute agerraldia. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Epaiketa hasteko 18 eguna falta direnean –urtarrilean hasi behar zuen, baina abokatuen atxiloketengatik atzeratu behar izan zuten–, Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa auziperatuek agerraldia egin dute, eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariez inguratuta.

Ezker abertzaleko kideen aurkako epaiketa azaroaren 23an hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean eta, hura salatzeko, elkarretaratzea deitu dute, hilaren 13an elkarretaratzea egingo dute, 18.30ean, Baionako Herriko Etxearen atarian.

Azaroaren 14 eta 15ean ere mobilizazioak egingo dira Euskal Herriko hiri, herri eta auzo desberdinetan.

Jasotako elkartasuna «oso garrantzitsua» izaten ari dela nabarmendu du Abrisketak eta, bere aldetik, Aurore Martinek azpimarratu du «eragozpenak aukera» bilakatuz epaiketa bake prozesuaren aldeko ekimenak sortzeko baliatu nahi dutela.

Besteak beste, honako eragileak dira atxikimendua adierazi dutenak: Giza Eskubideen Liga (LDH), Bake Bidea, Anai Artea, Etxerat, NPA, LAB, Euskal Herria Zuzenean, Attac Pays Basque edota Europe Ecologie Les Verts.

Gaurko agerraldian parte hartu duten eragileen izenean, Amaia Fontang eta Christophe Desperez eledunek dei egin diete Paris eta Madrili, «errepresioa eten eta elkarrizketaren bideari heltzeko».