Garikoitz Mujika Zubiarrain
Baiona

Akordioa sinatu dute Seaskak eta Hezkunde Nazionalak

Gaur sinatu dute Pascal Indok (Seaska), Olivier Dugripek (Hezkunde Nazionala) eta Frantxoa Maitiak (Euskararen Erakunde Publikoa) datozen hiru ikasturteetarako elkarren arteko harremanak finkatu dituen ituna. Pozik agertu dira guztiak.

Kolegioen erreformak sortutako zalantza, euskarak izango duen tokia, joan den astean uxatu zenean hautsi zen lauzpabost hilabete iraun duen negoziaketaren blokeo egoera, eta gaur etorri da akordioaren sinadura.

Baionan Kontseilu Orokorrak duen eraikinean burutu da ekitaldia, alde bakoitzaren aldetik goren mailako ordezkariak bertan zirela: Hezkunde Nazionalaren aldetik, Olivier Dugrip Bordeleko errektore burua eta Pirinio Atlantikoetako ikuskatzaile burua; Seaskaren aldetik Pascal Indo lehendakaria, Ur Gorostiaga zuzendaria eta Jean Mixel Etxegarai Pedagogia arduraduna; eta Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik Frantxoa Maitia lehendakaria eta Vincent Bru lehendakari ordea.

Azken honen bitartekaritzari esker erdietsi da adostasuna. Bi urteko gelak eta lanbide heziketa eskaintzeko aukera jasotzen du itunak eta horretaz gain iaz eta aurten ireki diren ikastola berriak itunpean izango dira. Seaskaren laugarren kolegioa eta lizeo berria ere jasota daude. Baxoa euskaraz egiteko aurrerapausirik, ordea, ez da.